“Onar dezagun, ia ezer ez litzateke gauza bera izango Kraftwerk existitu izan ez balitz”. Asier Leoz kazetariak esaldi horrekin abiatu zuen Entzun aldizkarian Alemaniako taldearen ibilbideari eskainitako artikulua, eta esaldi horrek azaltzen du haien pisua. Elektronikaren aitzindari eztabaida ezina da. Lehen mailako albistea da horregatik taldeak Bilboko Guggenheim museoan eskainiko dituen zortzi kontzertuak. Egunero izango dira Bilbon urriaren 7tik 17ra bitarteaan, eta taldeak bere ibilbide osoari emango dio errepasoa kontzertuetan: disko bat eguneko, kronologikoki. The Catalogue- 1 2 3 4 5 6 7 8 deitu dute proiektua, eta musikarekin batera 3 dimentsiotako efektuak ere izango ditu ikuskizunak. Otsailaren 9ko goizeko hamarretan jarriko dituzte sarrerak salgai.
[youtube]https://youtu.be/VXa9tXcMhXQ[/youtube]
Sarrerak lortzeko badira mugak, halere. 70 eurokoa izango da emanaldi bakoitzaren salneurria, eta gehienez ere lau sarrera erosi ahalko ditu pertsona bakoitzak. Taldeak hala eskatuta, gainera, kontzertu bakar baterako sarrerak baino ezingo ditu erosi. Sarreran eroslearen NAN zenbakia azalduko da segurtasun modura, eta sarreren eroslea bertaratu beharko da lagunak kontzertura sar daitezen. Guggenheim museoaren webgunean zehazten dira salmenta postuak.
Antolatzaileek egin dute emanaldien deskribapena: “Kraftwerken zuzeneko kontzertuak ikus-entzunezko emanaldien, soinu digital garbi-garbiaren eta hiru dimentsiotako proiekzioen sinkronizazio bikaina dira”. Eta aurreratu dutenez, taldeak bere ibilbidean egindako esperimentazioen bilakaera ikusi ahalko da kontzertuetan. Aurreratu dute kontzertu bakoitzean eskainiko duten diskoa zein izango den ere.
Autobahn (1974) – urriak 7
Radio-Activity (1975) –urriak 8
Trans Europe Express (1977) – urriak 9
The Man-Machine (1978) –urriak 10
Computer World (1981) – urriak 11
Techno Pop (1986) – urriak 12
The Mix (1991) – urriak 13
Tour de France (2003) – urriak 14