Kutxabankek salaketa kendu dion arren, Gasteizko Krea eraikinak “itxita” jarraitzen duela salatu du Irantzu Lekue artista gasteiztarrak. Izan ere, albistea “pozgarria” den arren, arazoaren muina konpontzen ez duela ohartarazi du; Gasteizko eta Arabako artistek biltzeko lekurik gabe jarraitzen dutela, alegia.
Iragan urteko abenduan, Gasteizko Krea aretora sartu eta rangoli bat marraztu zuen lurrean artistak, Gasteizko eta Arabako kultura politiken “utzikeria” salatzeko asmoz. Hori dela eta, Kutxabankek, eraikinaren jabeak, salaketa jarri zion. Irailaren 4an, baina, bertan bera utzi zuen “ekintza hark ez zuela kalte garrantzizkorik eragin” argudiatuta. 2008an abiatu zituzten Betoñuko komentu zaharra eraberritzeko lanak baina, eraikinak urteak daramatza inolako erabilerarik gabe.
Gauzak horrela, Gasteizko artea eta kultura “sustatzeko” espazio baten beharra aldarrikatu du. “Artea eta Kultura sustatzeko plangintza eta leku bat aldarrikatu nahi ditut”. Ildo horretan, Donostiako Tabakalera edota Bilboko Bilbao Arte eraikinak jarri ditu eredu. Era berean, “bestelako politika publikoak” eskatu dizkie Lekuek instituzioei. Eskerrak ere eman dizkie hilabete hauetan babesa eskaini dioten guztiei.
Kultura
Krea eraikinak "hutsik" jarraitzen duela salatu du Irantzu Lekuek
Artista gasteiztarrak bere aurkako epaiketa gelditzea lortu duen arren, Gasteizko artea eta kultura “sustatzeko” espazio baten beharra aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu