Principal antzokiko zikloari Jose Gereñu Gere baxu jotzaileakekingo dio bihar, Lou Marinirekin batera egingo duen Konexion kontzertuaren bidez. «Oso urduri» dago kontzertua eman aurreko orduetan.
Nola sortu zen Lou Marinirekin jotzeko aukera?
Jazzaldiko antolatzaileei neure burua aurkeztu nien jaialdian parte hartzeko, La gran casa diskoa kaleratu nuela eta. Konexion kontzertuan parte hartzea proposatu zidaten. Hortik hasi nintzen. Madrilen ezagutu nuen Lou Marini, duela hilabete edo. Red House blues taldearekin kolaboratzen du, eta nik, tarteka, talde horretan jotzen dut. Zenbait gauzak lotzen gintuztela ikusi nuen. Pertsona ideala zela iruditu zitzaidan. Oholtzan garrantzitsua da kidearekin bibrazio bat izatea.
Zer errepertorio prestatu duzue?
Haren abestiak eta nireak joko ditugu, baita hainbat talderen bertsioak ere. Jazz, funk eta soularen historiako abesti ezagunak eskainiko ditugu. Bihar [atzo] egingo dugu lehen eta azken entsegua.
Lau urte eman dituzu La gran casa diskoa kaleratzeko. Zerk luzatu du prozesua?
Nire ideia boskote batekin estudio batean grabatzea zen, zuzenean. Baina 2004. urtean, bateria- jotzaile oso on bat ezagutu nuen, eta diskoan parte hartu nahi zuela esan zidan. Bera segituan New Yorkera zihoanez kontzeptua aldatzea erabaki nuen. Hala, eginda neuzkan moldaketa batzuetatik abiatu nintzen, eta horiei bateria doinuak gehitu nizkien. Nik argi neukan ez nuela inongo baldintzarik nahi. Gustuko nuena egin nahi nuen, nahi nuen musikariekin. Hala ere, ez nuen uste horrenbeste denbora beharko nuenik. Dena den, emaitza ikusita, harrotasuna eta poza sentitzen dut. Nik imajinatzen nuen musika da, baina aberatsagoa.
Nola lortu duzu diskoan parte hartzen duten artista guztiekin harremanetan jartzea?
Denak lagunak ditut, beste lan batzuetan lan egin dut gehienekin. Kidetasuna zegoen elkar ezagutu genuenean, lotura bat. Horregatik jarri nion izenburu hori diskoari. Lagunak gara, etxera bisitan etortzen diren lagun horietakoak.
80ko hamarkadan jazzaren inguruan mugimendu handia zegoen Gasteizen. Nola gogoratzen duzu?
Oso momentu ona izan zen. Gizarte hartan jendea oso irekia zegoen, arriskatzen zuen musika entzuteko gogoz, kalitatezkoa eta berria zena. Gasteizen beti egon da kultura handia alde horretatik. AEBetan egon nintzenean eta Gasteizkoa nintzela esan nienean, ezagutzen zuten; hemen dagoen jazzaren kulturaz eta Gasteizko giroaz hitz egin zidaten.
Zer egoeratan dago orain jazza?
Musika, oro har, oso momentu txarrean dago. Gizartea gero eta kontsumistagoa da, eta lantze artistikoa duen edozer geroz eta urrutiago dago jendeak kontsumitzen duenetik. Hori ez zen gertatzen 80ko hamarkadan. Orain, musika arriskua da, jaialdiak egitea arriskua da. Baina, krisia egon edo ez, jazz musikaren zalea fidela da, musika hori entzun nahi du. Irizpidea finkatua du. Hedabideetan ez da asko agertzen, eta jazz musikaren jarraitzaileek esfortzua egin behar dute jazzaren inguruko kontuen berri jakiteko.
Jose Gereñu 'Gere'. Baxu-jotzailea
«Krisia egon edo ez, fidelak dira jazz musikaren zaleak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu