festak

Krisiaren neurrira egindako Iruñeko sanferminak

Guztira 592 ekitaldi antolatu dituzte, musikarekin eta haurrei zuzendutako ekitaldi ugari. Uztailaren 9an Ernest Hemingway San Fermin jaiak munduan zabaldu zituen idazle estatubatuarra omenduko dute. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du egitarauaren euskarazko edizioa zabaldu.

2009ko ekainaren 8a
16:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren eragina ere nabaritu dute Iruñeko San Fermin jaiek. Lau milioi euroko aurrekontua -beste urteetan baino 300.000 euro gutxiago-izan dute aurtengoan, Yolanda Barcina Iruñeko alkateak jakinarazi duenez. Uztailaren 6tik14ra bitartean izango dira sanferminak.

Guztira 592 ekitaldi antolatu dituzte, horien artean musikarekin lotutako 348 ekitaldi eta haurrentzako 200.

"Herritar guztiei zuzendutako kalitate handiko festak" izango direla adierazi du Barcinak. Herritarren parte-hartzea bultzatu nahi dute, tradizioa eta modernitatea nahastuko dituen ekintzen bitartez. Aurten70 urte beteko dira jaiei hasiera emateko txupinazoa lehenengoz egin zutenetik.

Ernest Hemingway (1899-1961) idazleari -Iruñeko San Fermin jaiak bere obren bitartez munduan zabaldu zituen estatubatuarra- omenaldia egingo diote uztailaren 9an. Izan ere, 50 urte igaro dira Hemingway azken aldiz sanferminetan egon zenetik.

Haren ilobak -Valerie Hemingway- jaietako egitaraua egiten kolaboratu du gainera. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko dute aurten eta berrikuntza gisara Braile idazkeran ere eskuratu ahal izango da. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du egitarauaren euskarazko edizioa zabaldu.

Jaietan gauero egiten den su festaren inguruko balorazioa Internet bidez egin ahal izango dute herritarrek. Hurrengo urtean, herritarren saria jaso duen su festa etxea sanferminetara itzuliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.