Durangoko Azokaren atariko egunak dira urteko une gorena liburuen argitalpenari dagokionez. Egun gutxiko tartean, liburu berri askoren inguruko informazioa zabaltzen da hedabideetan. Irakurle batek euskaraz argitaratutako liburua guztiak irakur zitzakeen garaia aspaldi iragana denez, aukera egin beharra dago. Irakurleari horretan laguntzea da, edo izan behar luke bederen, hedabideetako kritikaren funtzio nagusietako bat. Betetzen ote du funtzio hori? Bada zalantzan jartzen duenik. Esanguratsua da joan den hilean literatur kritikaz Gasteizen egin zen mahai-inguruari eman zioten izenburua: Balio al du ezertarako (euskal) literatur kritikak? Irakurleei galdetuz gero, kritikarien lanak, ikaragarria ez baldin bada ere, estimazioa duela nabari da; eta, erabateko arrakastaz ez baldin bada ere, literatur kritikak bere zeregina duela euskal literaturaren sistema deitzen den horretan. Argi dago, hala ere, irakurle gehienen ustez beste faktore batzuek hedabideetako kritikek baino eragin erabakigarriagoa dutela liburuen salmentetan edo idazle bakoitzak izan dezakeen prestigioan edo estatusean.
«Aintzat hartzen ditut liburuak hautatzeko», dio, adibidez, Ima Ortega Gasteizko Irakurle Klubeko kideak, hedabideetako kritikei buruz mintzo dela. «Batzuetan zaila egiten da liburuak aukeratzea eta ondo etortzen zait aldez aurretiko informazioa izatea».
Baina irakurleak badaki kritikariaren iritzia subjektiboa dela, eta hark esandakoa nork bere galbahetik pasatu behar duela. «Bi gauza aztertu behar dira:nork idazten duen kritika eta zer kontatzen duen liburuaz», dio Bittor Hidalgo Donostiako Udal Liburutegiko solasaldietako ohiko parte-hartzaileak. «Bi gauza horiek jakinda, ideia bat egiten dut ea liburua interesatzen zaidan edo ez. Kritika bat irakurtzen dudanean, kritikaria ezagutzen ez badut hanka-motz geratzen naiz».
«Denetarik» dago, izan ere, kritikarien artean, Iban Perez 111 Akademiako kideak dioenez. «Denborarekin jabetzen zara nor ari den kritika ganoraz egiten, eta nor ari den min eman nahian».
Irakurle batzuentzat behintzat erreferente izatea lortu dute zenbait kritikarik, Elisabet Mas 111 Akademiako kideari liburutegi batean lan egiteko eskarmentuak erakutsi dionez. «Jendeak fedea hartzen badio kritikari bati, behin baino gehiagotan gomendatutako liburuak gustatu bazaizkio, beti sinetsi egingo dio, fidatu egingo da gomendatzen dituen liburuez eta haiek irakurriko ditu».
Gutxiago dira kritikari «norbere iritzia osatzeko» funtzioa aitortzen diotenak. Manex Agirre Gasteizko Irakurle Klubeko kidea da horietako bat. «Kritikak irakurtzeko bi une daude», Agirreren iritziz: «liburua irakurri aurretik eta ondoren. Kritikaren funtzioa aldatu egiten dugu irakurleok irakurtze-unearen arabera. Kritika bati bi funtzio horiek dituela aitortu eta horren arabera jokatzea eskertzen diot».
Iban Perezek ez du liburua irakurri aurretik haren kritikarik irakurtzen, irakurri ondorengo balorazioa «ahalik eta garbiena» izan dadin nahi izaten duelako, baina irakurketaren ondoren kritiketara jotzen du batzuetan. «Liburua irakurri eta balorazioa gauzatu eta gero, ikusten badut balorazio horiahul samarra dela, agian irakurtzen ditut liburuari buruzko kritikak, ideiaren bat edo beste jasotzeko».
Bittor Hidalgok, aitzitik, informazioa bilatzen du batez ere kritiketan, ez iritzia. «Niri kritikek argitaratzen denaren berri ematen didate, eta funtzio hori garrantzizkoa iruditzen zait. Bestela ez baitakizu nora jo eta zeuk ibili behar baituzu gauzen bila. Gero kritikari bakoitzak duen iritzia besterik da. Kritikari bakoitzak bere iritzia dauka eta nik neurea».
Eraginari buruzko zalantzak
Irakurleari liburuak aukeratzen lagundu arren, ez dago horren argi kritikariaren hitzak liburuen salmentetan eta idazleen prestigioan izan dezakeen eraginaren benetako neurria. Beste faktore batzuek eragin handiagoa dute, irakurle gehienen ustez. Honako hauek, adibidez, Manex Agirreren iritziz: «sariak; liburuaren ezaugarriak -irisgarritasuna eta irakurterraztasuna, idazlearen prestigioa...-; institutuetan ikasleei irakurtzeko ematen zaien edo ez, horrek duen eragin biderkatzailearekin...». Antzeko iritzia du Jose Manuel Martinezek, Gasteizko Irakurle Klubeko beste kide batek: «Kritikek eragina balute, txikia segur aski. Benetako eragina dutenak promozioa eta sariak dira».
«Orokorrean hitz eginda, badirudi kritikek diotena gehiago axola zaiela idazleari eta haren ingurukoei, irakurleei baino», Ima Ortegaren ustez. «Beste hizkuntzetan, badira nahiko kritika negatiboak jaso arren asko saldu diren liburuak, eta alderantziz. Pentsatzen hasita, ez al da gauza bera gertatzen ari euskal literaturan?».
Kritika gogorren beharra
Garai batean euskal literatur kritikan dena lausengua dela esaten bazen ere, gaur egun hori aldatzen ari delakoan daude irakurleak, eta guztiz beharrezkotzat jotzen dute aldaketa hori.
Kritikariari «aholku zuzena» eskatzen dio batez ere Jose Manuel Martinezek. «Kritikak benetakoa izan behar du, aldekoa edo kontrakoa baina benetakoa. Horrela irakurlea hezi egiten da. Edo sistema txikia dugulako dena da ona gehiago saltzeko?». Oro har, hedabideetan euskarazko liburuei egiten zaizkien kritikekin «oso pozik» dago Martinez. Maila ona dutela uste du, eta dagokien funtzioa betetzen dutela.
Baina denak ez daude horren konforme egun egiten denarekin. «Gaur egin ohi direnak baino kritika gogorxeagoak» egin daitezkeela, eta egin beharko liratekeela, uste du, haatik, Jon Unanuek, Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakari eta 111 Akademiaren sortzaileetako batek. «Uste dut kritika negatiboa ez dela behar beste egiten gure literaturan, eta obra batzuek argitaratu eta beren ibilbidea egiten dute irakurleen artean oso axaletik eta oso axaleko kritikak jasoz. Egile batzuen kasuan, haien lanak gogorxeago kritikatu beharko liratekeela uste dut, begirunea inoiz galdu gabe, jakina».
Kritika negatibo gogorrak badaudela aitortuta, arazoa beste nonbait ikusten du Manex Agirrek. «Arazoa da ez zaiela duten benetako balioa aitortzen: kritikak dira, ez besterik. Kritika positiboekin dugun jokaera bera izan behar genuke negatiboekin, zalantzak uxatuta. Eta hau ez da kritikarien eginbeharra, kritiken irakurleena baizik, publiko orokorrarena, irakurleena eta idazleena».
Zorroztasuna aparteko beste eskaririk ere badute irakurleek kritikarientzat. Literatur lanak «ez hain modu subjektiboan baloratzen» ahalegintzea eskertuko lieke Jon Unanuek. «Liburu bat irakurtzen dudanean, iritzi jakin bat uzten dit, oso positiboa edo oso negatiboa. Beste bati horri buruzko iritzia ematen diodanean, saiatzen naiz hori ahal dudan neurrian objektibatzen, badakidalako mundu guztia ez dela ni bezalakoa, eta sentsibilitate eta sentimendu asko egon daitezkeela irakurleen artean. Eta niri iruditzen zait zenbaitetan hori ez dela behar bezala egiten, kritikariak jotzen duela liburuak bere baitan utzi dituen sentsazio eta sentimenduen aldetik, objektibatzen behar bezala saiatu gabe».
Eskatzen hasita, «beste garai batzuetako literaturaren aipamenak» eskatuko lizkieke kritikariei Elisabet Masek, «irakurleei gogorarazteko nobedadeez gain milaka liburu daudela bilatzen dituzten iguripenei erantzuna eman diezaieketenak».
IRAKURLEA ETA HEDABIDEETAKO KRITIKAK
Kritika, erabiltzeko moduak
Liburuen argitalpenak goia jotzen du Durangoko Azoka hurreratzen denean. Horien artean aukera egiteko lagungarri ditu irakurleak hedabideetako adituen iritziak. Zalantzak sortu dira ordea haien benetako eraginaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu