Kritika

Antzerkia. Els Joglarsen ajeak. '2036 Omena-G'

Agus Perez.
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Taldea: Els Joglars.

Zuzendaria: Albert Boadella. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abenduak 9.

Agus Perez

Nik, benetan, ez dakit zer ikusi ote dugun Els Joglarsen emanaldian, baina badirudi 2036 Omena-G izeneko proposamenak konpainiaren zahartzaroa irudikatu nahi duela. Xede horretarako, adindu itxurarekin agertu dira betiko sei aktoreak, artistentzako bereziki destinaturiko txabola auzo batean, eta haiekin batera bikote gazteago bat ibili da, balizko egoitza hartako jagole lanetan.

Kontua da, ordea, lehen unetik bertatik hasi direla bazterrak nahasten, lanaren gidoi falta eskandaluzkoa ezkutatu nahian edo. Eta adineko jendearen mugimendu traketsak, osasun ajeak eta medikuntza tresneriarekiko mendekotasuna barregarriak izan ahal direnez ikusle batzuen aburuz, bada kontu horiekin bete dituzte beste mamirik ez zeukaten minutuak, eszenak eta pasadizoak.

Emanaldiari nolabaiteko egitura ematearren, arte eszenikoen munduko arlo guztietatik igaro dira, musikariak, antzezleak, dantzariak, kontu-kontalariak eta zirku-artistak irudikatuz. Eta hain zuzen ere elbarri geratu diren trapezisten eszenarekin heldu dira parodia groteskoaren mailarik behereneraino, batez ere kontuan izanda beraien taldeko neska bat -Gloria Rognoni, Alias Serrallonga-n- elbarri geratu zela konpainiaren hasierako urteetan, egitura batetik erorita telebistako foku batek itsutu zuenean.

Esan bezala, zaharren imitazio patetikoak izan dira dramaturgiaren osagai nagusia, baina etorkizunean baliatuko ei dugun hizkera pobretuak eta azken hamar muntaietan erabili duten pantaila elektronikoak aipamen berezia merezi dute, ezin tristeagoa izan baita haietariko bakoitzaren erabilera. Bitartean, Espainiako politikari eta artista ezagunen gaineko hitz-joko merkeak bota dituzte -Ramon Zin eta Miguel Pose, besteak beste, (kar-kar)-, Espainiako martxa militarrak eta kanta jasanezinak entzun ditugu -Manolo Escobar, esate baterako- eta Espainia batu eta monarkikoa subliminalki baina etengabe saldu digute. Horren guztiaren ondorioz, benetako parodia onak dakarren barregura baino, lotsa eman digu lanaren planteamendu penagarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.