Zuzendaria: Apichatpong Weerasethakulg. Aktoreak: Sakda Kaewbuadee, Matthieu Ly, Vien Pimdee. Herrialdea: Thailandia. Iraupena: 113 minutu.
Gontzal Agote
Bernardo Atxaga, David Lynch eta Terrence Malick elkartzen diren intersekzio ezinezko horretan dago Apichatpong Weerasethakulen azken filma, finean zinema ulertzeko bere modu bereziaren sintesi bikain bat dena. Izan ere, Lung Boonmee raluek chat bere filmografia osoarekin lotuta badago ere, bereziki orain dela sei urte zinema jaialdietako zirkuitutik kanpo ezagutzera eman zuen Sud parlad horren osagarria da.
Hasierako baieztapen ustez borobila egin ostean, zertxobait arrazoitu beharko da. Argi da thailandiarraren film guztiak iragana eta orainaren uztarketa direla; gure idazlerik ezagunenaren moduan, elementu mitologikoak edo kondaira bidez jasotako istorioak, nora doan ez dakien gizarte eta inguru garaikide batean sartuko ditu, betiere horiek modu natural batean txertatuz.
Bi zinemagile garrantzitsu horiekiko loturak ere nabarmenak dira. Estilo aldetik Lynchengandik urrun samar badago ere, elementu misteriotsuekin jolasteko duten temak, beste alde hori iradokitzeko duten trebeziak kidetuko ditu bi zuzendariak, betiere bokazio positiboz. Eta, nola ez, soinuaren erabilera etengabekoak eta narrazioaren hausketak.
Malickekin naturarekiko miresmena konpartituko du. Natura, kasu honetan oihana, ez da dekoratu hutsa, ezinbesteko presentzia duen pertsonaia baizik, akaso garrantzitsuena. Bizi-bizirik dagoen osagaia izanik, kamerak errespetatu eta laztanduko du ingurua, inolako diskurtso sasi-ekologista erabili beharrik gabe. Naturarekin bat izan, eta kito.
Horiek guztiak hala izanik, guztiz orijinala eta paregabekoa da Weerasethakulen lana eta bere azken pelikula. Elementu fantastiko eta errealen elkartze primitiboaren bitartez, Lung Boonmee raluek chat-ek barre egiten die gaur egungo zuzendari hipermoderno gehienei.
Zuzendariak, bere zilborrari begira gelditu beharrean, bidaia egitea proposatuko dio ikusleari. Galtzear den mundu batean barna, kondaira eta etorkizuna eskutik hartuta agertuko dira. Hainbat maila ditu narrazioak, eta agerikoena desagertzen ari den fantasiazko mundu horren elegia litzateke. Baina bigarren-hirugarren maila batean zinemagintzaren beraren inguruko hausnarketa sakona dago: itzalak irudi bihurtuta, familia kideak pantaila txikiari begira, zinemaren heriotzaren iragarpena azken finean. Hala bada, testamentu ezin ederragoa egin diote.
ZINEMA. ESTREINALDIAK
Kritika
Oihan fantastikoa. 'Lung Boonmee raluek chat'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu