Kritika

Apunteak

Judas Arrieta, Bilboko Garabat galerian jarritako marrazkien ondoan. MONIKA DEL VALLE/ ARGAZKI PRESS.
Haizea Barcenilla
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Artea

'Z Lovers'. Judas Arrieta.

Non: Garabat galerian (Bilbo).

Noiz arte: martxoaren 9ra arte.

Esan ohi da nerabeen historia eta matematikako koadernoetan gertatzen dela gehienbat fenomenoa: hizki eta zenbaki gutxien inguruan irudiak sortzen joaten dira, esaldi ironikoak, marrazkitxoak, pertsonaia ezagun eta imajinatuak, animaliak, autoak, komikien bunbuiluak txiste berdeekin eta hutsetik sortzen diren askotariko beste irudi anitz. Irakasle askok denbora galtzea kontsideratzen dute, arretarik jartzen ez den froga ukaezina, eta errieta egiten diete ia konturatu gabe, burua beste nonbait duten bitartean, arkatzez edo axotaz iruditxoak sortuz joan diren ikasleei. Ez da zaila Judas Arrieta ikasle haietako bat balitz bezala imajinatzea, burumakur eta isil, pentsamenduak klasetik oso urrun dituelarik.

Judas Arrietaren institutuko irakasleak joan beharko lirateke, hain zuzen, Garabaten aurkeztu berri duen Z lovers erakusketa ikustera. Beharbada, ikusgai dauden marrazkien aurrean ez lukete pentsatuko koadernoan marrazten pasatzen den denbora ezertarako balio ez duenik. Izan ere, nerabe garaiko zirriborroen berrestrukturatze kaotiko-antolatuaren itxura hartzen dute Arrietak ekartzen dizkigunak. Asiatik etorritako kultura popularra, mangak, komikiak, asmatutako munstroak eta benetakoak, heroiak, animalia mitologiko eta pleistozenikoak, gaizkileak eta maltzurrak, fantasmak, panpinak, neskato sentsualak, neskatoen aurpegia duten mutikoak, King Kong, Freddy, pokemonak eta askoz ere pertsonaia gehiago nahasi, elkar bultzatu, gainjarri, azpitik sartu eta trukatzen dira marrazki sailetan.

Pasio baten erakusle dira irudiok, hots, Judas Arrietak Asiako lurralde galdu horiekiko sentitzen duen grinaren eta erakargarritasunaren irudia. Urteak Japonia, Korea eta Txinako ikonografia, historia eta kultura popularra ikertzen pasa eta gero, orain bost urte prestatu zuen Judas Arrietak Beijingerako bidaia, bere kasuan telebistako programa tartekoren beharrik gabe, eta ez zen inoiz itzuli. Bisitan datorren bakoitzean, irudiz gainezka iristen da, energiaz gonburututa, eta horiek aise transmititzen ditu lan grafiko, bideo edo ekintzen bidez.

Oraingoan Garabaten dituen marrazkiak kopiatzen dituzten erreferenteak bezalakoak dira: bidimentsionalak, sinpleak, linealak eta grafikoak, errealitatearekiko harremanari arreta ñimiñoena ere jartzen ez diotenak. Inspirazio iturri dituen lurraldeetan bezala, testua eta irudia elkartzen dira, testuaren izaera ikonikoaz baliatuz beharbada mezuak eta pertsonaiak konbinatzeko. Nahaste-borrastea izan zitekeenak, pisuak eta astunak, lirainak eta dinamikoak agertzen zaizkigu bere linealtasun horri esker. Gaurkoa eta atzokoa elkartzen dira, arretaz begiratuz zenbait konposizioren erdian tintaz pintatutako Hukosaien irudien kopiak edo Txinako grabatu zaharren irudiak antzeman ditzakegulako. Unerik gabe, denboratik at existitzen dira pertsonaia zoro, beldurgarri eta barregarriak, oniriko eta ameslariak, komiko eta izugarriak. Kultura popularrari buruzko tesi bat egiteko moduko erreferentziak daude Judas Arrietaren marrazkietan, XVIII. mendeko tratatu ikonografiko batean baino askoz ere gehiago.

Dena den, komikietan bezala, irudiez beste hitzak ere badira, eta ez nolanahikoak. Alde batetik, ume garaiko ametsen oroigarriak (Super-human Kung-fu feats), pelikuletan ikusitakoak, barneratu eta berriz ere irteten direnak orain. Baina, bestetik, badira Judas ezizena hartzen duen norbaitek kasualitatetzat jo ezin ditzakeenak: Necessary monsters (Beharrezko munstroak), Never forget who's the enemy (Ez ahaztu inoiz etsaia zein den), A little knowledge can be a dangerous thing (Jakinduria apur bat zerbait arriskutsua izan daiteke). Bitxia batez ere ekialdekoa den ikonografia ingelesezko esaldiekin nahasia ikustea, baina aldi berean, edoskitzen dugun erreferentzien anabasaren erakusle nahiko erreala.

Zenbaitetan, marrazkiek keinu egiten digutela dirudi. Esaterako, batez ere marra ilunez margotutako munstroz osatutako marrazki batek uhin laranjen hondoa duenaren itxura ematen du; kontuz so egiterakoan, aldiz, proportzioen lege guztietatik at gainditzen den errotulagailuzko Sailor Moon gudari erraldoia dela nabaritzen dugu. Beste marrazki batean, aurretik ikusi dugun esaldi bat aurkituko dugu berriz, It was the night of a festival(Festibalaren gaua zen), konposizio eta ondorioz narratiba desberdinei hasiera, amaiera edo kokapen berdina eman nahi izango balitzaie legez.

Horrelako eraso nabarren aurrean, orokorrean, ikuslea atzera bultzatua sentituko zen, zorabiatuta eta beteegi. Aldiz, Arrietaren marrazkiek begirada erakartzen dute, eta zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta pertsonaia, istorio, amets, fantasia, txiste, barre, ikara, keinu, imintzio, begirada, sorpresa, asmakizun, abentura, kontakizun gehiago aurkituko ditu ikusleak. Koadernoetako zirriborroak arte bihurtu dituen mago grinatsua da Judas Arrieta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.