Zinema
'Rango'
Zuzendaria: Gore Verbinski. Gidoilaria: John Logan.Herrialdea: AEB.Iraupena: 102 minutu.
Azken hamarkadan erabatekoa izan da Pixar etxeak animazio arloan erakutsi duen nagusitasuna. Kalitatea eta marketina ezin hobekiago uztartuz, ia diktadura izateraino iritsi da, are gehiago Disneyk bere ume bihurria berriro bereganatu zuenetik. Hori ikusita, Dreamworksek egin dituen ahalegin ia guztiak antzuak izan dira; ezinean aritu da ekoiztetxe indartsua, eta azkenerako jertse horidunaren alboan podiumera igotzen denaren rolarekin konformatu dela ematen du.
Zorionez, panorama ez da horren monokromatikoa eta azkenaldian Pixarrez harago esperantza badela erakusten duten ale bakan batzuk agertzen joan dira zirkuitu komertzialean.
Ezustean, guztiz komertziala den zuzendari batek bere aletxoa jarri nahi izan du Pixaren kontrako matxinada honetan. Berez, Gore Verbinski ez da kultuko zuzendari bat, industriaren barnean lan egin izan du, itxuraz nahiko eroso. Esaterako, The Ring, The Weather Man eta, batez ere, Pirates of the Caribbean sailaren lehenengo hirurak zuzendu ditu.
Hamaika omenaldi
Azken horiek izan duten izugarrizko arrakasta komertzialari esker, maila artistikoan nahi duen ia guztia egiteko aukera eman diote Verbinskiri, eta horrek ezin hobeto aprobetxatu du zirrikitu hori. Rango egitura klasikoa duen animazio filma da; alde horretatik, ez da berrikuntza handirik. Hala ere, bada zerbait diferente film honetan, eta hasiera-hasieratik inolako morrontzarik gabe egin izan dela konturatuko da ikuslea.
Lehen sekuentzia ezin adierazgarriagoa da, eta filmak hartuko duen bidea seinalatzen du: Verbinskik trufa egiten die Pixar, Disney eta enparauen eskema itxiei eta nahi duen filma egiteko aitzakiarik ez duela behar erakutsi du ausarki. Hortik aurrera, has dadila ikuskizuna.
Umore zorrotza, surrealista, zinemari hamaika omenaldi eta erreferentzia —eta ez soilik westernari—, bigarren mailako pertsonaia antologikoak eta itsuskerian oinarritzen diren marrazkiak dira film harrigarri eta bikain honek dituen bertuteetako batzuk.
Kritika
Askatasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu