KRITIKA. MUSIKA. KURSAAL AUDITORIUMA. DONOSTIAKO 65. MUSIKA HAMABOSTALDIA. KOLONIAKO IRRATIKO ORKESTRA SINFONIKOA (WDR)

Bikoitza eta bigarrena

2004ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Zuzendaria: Semion BytxkovBiolina eta biolontxeloa: Gautier eta Renaud Capuçon. Egitaraua: Brahmsen 'Biolin eta biolontxelorako kontzertu bikoitza' eta '2. Sinfonia'.

Koloniako Irratiko Orkestrak bigarren egunez Johannes Brahms aukeratu zuen bere kontzertuaren ardatz bezala, eta egile honen Biolin, Biolontxelo eta Orkestrarako kontzertu bikoitza (Opus 102) eta Bigarren Sinfonia Re Nagusian (Op 73) eman zituen.

Kontzertu bikoitza (laburbilduz honela izendatzen da usualki), Kolonian estreinatu zen hain justu ere, 1887 urtean. Brahmsen azkenengo obra kontzertantea da, eta bere katalogoarenbarruan, obra ezezagunetarikoa dela ere esan genezake.

Entzun genuen bertsioa dirdiraz betea izan zen, eta emandako bi lanetan, Brahmsen irakurketa energiko bat nagusitu zen. Kontzertu bikotzean bi bakarlari gazte baina aski prestatuak geneuzkan atril nagusietan; Renaud Capuçon biolinean eta Gautier Capuçon biolontxeloan. Allegro lehen mugimenduko orkestraren hasierako konpasen ostean, biolontxeloak cadenza aberatsa eskaini zigun, bere soinuaren emankotarsunaren erakusle. Bi bakarlarientzat pasaje ezberdinak daude, betiere beraien protagonismoa tartekatuz. Gai bera erabiliz, bariazio erara, gero eta konplikatuagoa egiten da gai horren elaborazioa. Bi bakarlariek batera aritzeko ohitura daukatela nabaria da, eta baita ganbera musikaren mundua sarri jorratzen dutela, pasarte batzuetan egin zuten irakurketagatik, eta bi instrumentuen arteko elkarrizketa zentzua galdu ez zutelarik. Andante-an, bigarren mugimenduan, orkestra eta bakarlarien arteko unisonoa sendo eta hausturarik gabe jo zuten. Hirugarren mugimenduan, Vivace ma non troppo-n, tonika berean. Bi bakarlariak bertsio biribila egin zuten. Bis bezala, Handel-en Pasacaglia eman zuten, bertsio libre eta solistikoan. Kontzertu guztian egon zen arazo bakarrenetarikoa izan zan biolinaren agudoen afinazioa bis honetan.

Kontzertuaren bigarren zatian, Brahmsen Bigarren sinfonia. Orkestrari buruz ezer berririk ez dago esateko; punta-puntakoa. Elektra-ren kontzertuan nabaritu zen bezala, talde guztiak bere lana perfekzioan bete zuen. Sokaren soinu ederra, haize-egurraren epeltasuna eta metalen (ez zuten behin ere neurria gainditu) elegantzia. Lehen mugimenduan, bigarren gaiaren azalpenean, biolak eta biolontxeloak oso egoki...Azpimarratzekoa izan zen Bychkov-en lana atriletik. Arestian esan bezala, irakurketa sendoa eskaini du, musikaren handitasunean eta tenpoen kontundentzian arreta berezia ipiniz. Bi bis eman zituzten; Mendelssohnen 5. Sinfonia-ko pasarte bat, eta Brahmsen 5. Dantza Hungariarra. Aparta. -Iñigo Alberdi Amasorrain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.