Espainiako Dantza Konpainia Nazionala
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 15.
Diseinuzko frikie itxurarekin agertu dira Espainiako Dantza Konpainia Nazionaleko kideak, eta beraiek bezain artifizialak eta lekuz kanpokoak suertatu dira emanaldiaren lehen berrogei minutu amaiezinak. Agertokiaren molde alternatiboak –sofa handi pare bat, arropa esekitokiak eta foku multzoak agerian, adierazpen ozarrak anplifikatzeko mikrofonoa...– nekez ezkutatu du muntaiaren atzean dagoen diru-oparitasuna, eta lau musikariko orkestra txikiak jazzik gogorrenarekin lagundu ditu dantzarien mugimendu zentzugabeak. Bitartean, ikusleok adar-jotze masibo baten biktima izatearen sentsazioa izan dugu.
Baina, beharbada, Herve Palito konpainiaren zuzendari artistiko berriak beharrezkotzat jo du ohiko ikusleei shock-tratamendu trinkoa aplikatzea, Nacho Duatok luzaroan erabilitako idortasun estetikoaren ostean. Izan ere, bere azken hogei minutuetan proposamen interesgarriak ekarri ditu Philippe Blancharden Noodles lanak: duo pare bat, sofa baten inguruan hiru gizonek egindako eboluzio akrobatiko harrigarriak, beltzez jantzitako gizon hegalariarena... Hala ere, haietariko batek berak ere ez du argumentu edo emozio justifikaziorik izan, eta, bigarren duoaren kasuan bereziki, ezerezean geratu da dantzari bien indar, arrisku eta teknika erakustaldia.
Konpainiak, osterantzean, Duatoren lanen ildotik jarraitzen du, eta gaueko beste bi zatiak berarenak izan dira. Gnawa 2007ko Dantzaldian ikusi genuen, eta White Darkness berria izan da gurean, baina bietan nagusitu dira argi diseinu mortua eta mugimenduen hoztasun mekanikoa. Gnawa-n berriz ikusi ditugu besoak eta hankak jarrera estatikoetan izoztuta, eta saturazioraino erakutsi dira besoak hegaztien hegalak imitatuz, Magreb giroko erritu eta misterioan bilduta.
White Darkness, berriz, mugimendu estudio itxurakoa izan da gehienbat, baina Karl Jenkinsen musikak eta denbora sinbolizatzen zuen hareak nolabaiteko dentsitatea eman diote koreografiari. Dena den, bat-bateko jarrera zurrunak nagusitu dira honetan ere, eta koreografiak ezin izan du gainditu hainbat gauza txikiren segida izatearen sentsazioa.
Kritika. Dantza
Diseinuzko 'frikie'-ak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu