Kritika. Zinema

Dogma zaharrak

Gontzal Agote.
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
'Haevnen' / 'In a Better World'

Zuzendaria: Susanne Bier. Aktoreak: Mikael Persbrandt, Wil Johnson, William Johnk Nielsen. Herrialdea: Danimarka. Iraupena: 119 minutu.

Ematen du erretzaile ohiei gertatzen zaien gauza bera gertatu zaiela Dogma mugimenduaren barnean izan ziren hainbat zinemagileri. Zinemaren purutasun eta soiltasuna aldarrikatzen zituztenek, izenpetutako arau zorrotzak betetzen zituztenek, bide komertzialak deitoratzen zituztenek Submarino (2010) eta Hævnen hau egiten dituzte orain, besteak beste.

Musika emozioak azpimarratzeko erabili behar izatea ez da oso baliabide iraultzailea 2011n. Afrika beltzera jo behar izatea bestelako errealitate bat erakustera eta irudi hunkigarriak bilatzera ez dirudi Europan aberatsean gertatzen ari dena islatzeko modurik naturalena. Baina Susanne Bierren filmak bide hori hartu du, muturreko errealitateen bitartez, leku guztietako gizarteetan dagoen biolentzia giroa jaso nahian.

Nolabait, Michael Haneke izaten saiatu da, eta ongizatearen gizartearen azpian ezkutatzen den hipokrisian eta zaborrean arakatu nahi izan du. Baina austriarraren aldean otzana da Hævnen-ek luzatzen duen begirada. Sinbolismoarekin liluratuta, paisaiek, zeruek, hodeiek esan nahi dute istorioak ezin duena, eta ahalegin horretan indarra, zintzotasuna eta amorrua galdu ditu narrazioak.

Hævnen-ek ikuslearen rola hartzen du; urrunetik begiratzen die gertaerei. Afera da horietako asko nahiko modu bortxatuan etortzen direla, bereziki gaztetxoen jokabideetan. Aita iraindu duen pertsona baten autoaren azpian lehergailu bat jarri behar duenak sinetsi eta sinetsarazi behar du pauso hori eman behar duela, eta filmean ez da horrelakorik gertatzen.

Hausnarketa interesgarriak egiteko bidea zabaltzen ahal zituen pelikulak, baina azkenean bokazio pedagogikoak ito du gizartearen gaixotasunaren gaineko azterketa zorrotza egiteko nahia. Barrabaskeria kategorian gelditzen da bi gaztetxoren neurrigabeko biolentzia eztanda, eta, behin hasita, erredentziorako bidean jartzen ditu pertsonaia guztiak, senar-emazteak barne.

Mezua argia da —eta norbaitek ulertu ez badu, hor da amaierako sekuentzia tristea, azpimarratzeko—: zein hutsalak diren alderdi honetan ditugun arazoak, munduko beste bazterretan biziaren balioa hutsaren hurrengoa denean. Baina horixe bera esateko bide sotilagoak aukeratzen ahal ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.