'Inside Job'
Zuzendaria: Charles Ferguson. Herrialdea: AEB.Iraupena: 115 minutu.
Europarlamentari nafar bat bere botoa enkantera ateratzen. Moody's agentziako nagusiak inoizko soldatarik handienarekin atera dira haiek beraiek sortutako krisialditik. Espainiako gobernuburua enpresari nagusiekin elkartu da zer-nolako politika egin behar duen jakiteko... Horiexek dira, begirada azkar batean, azken asteak eskaini dituen ohiko kontuetako batzuk. Gauzek nola segitzen duten ikusita, are beharrezkoago egiten da pause sakatzea eta Inside Job ikustera joatea.
Charles Fergusonek 2008an eztanda egin zuen finantza krisiaren gaineko azterketa zehatz, sakon eta zorrotza egin du. Zinematografikoki iraultzailea ez bada ere, guztiz pedagogikoa da filma. Eta ekonomia garaikidearen gaineko lezio magistral bat balitz bezala, ikusleen zerbitzura jarri du. Horixe baita Inside Job-ek duen bertuterik handiena, ez da ekonomiaz jakin behar azken urte hauetan izan den lapurreta erraldoia ulertzen hasteko. Hain argigarria da filma, hain gardena, ezen ezinezkoa baiten norberaren gainean harridura eta haserrea ez piztea.
Ez da bereziki doktrinala Ferguson, horretan alde handia dago orain dela bi urte Michael Moorek egin zuen Capitalism: A Love Story-rekin. Enron: The Smartest Guys in the Room (Alex Gibney, 2005) bikainaren ahaide hurbila da. Egileak tesi bat du, jakina, baina ez du ikuslea ergeltzat hartu; datuak ahalik eta xehetuen eman, norberak bere ondorioak atera ditzala. Eta horiek beldurgarriak dira, piztiaren erraiak ageri-agerian uzten dituelako.
Egoera baten erradiografia da filma, ez du irtenbiderik proposatuko. Beharbada zuzendaria liluratuegi dago Europako demokraziek egiten ahal dutenarekin, ziur aski etxean duena tumatxa delako. Hortik ere ohartarazpena, inork ez dezala pentsa Barack Obama minbiziaren sendagaiaren bila ari denik. Islandiatik Singapurrera, baina bereziki AEBetan, New Yorken, Wall Streeten. Gutxi batzuen diru-gose aseezina, eskandaluzko mozkinak eta hipokresia mugagabea metro koadro gutxi batzuetan. Hortik, domino piezak erorketa etengabean: ezin pagatuzko hipotekak, kanpin dendako bizitza, lantegien itxiera.
Sistemak ez omen du zirrikiturik: politikarien babesa eta haien lege moldagarriak, agentzia kalifikatzaileen diruz lagundutako iruzurra, unibertsitateko irakasleen kontzientziaren erosketa beti merkea... Batetik atera eta hurrengoa prestatu, gero eta aberatsagoak, gero eta lotsagabeagoak. Wall Streeteko gobernua da, orain, behintzat, larrugorritan gelditu dena.
Kritika. Zinema
Ekaitz perfektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu