Kritika. Zinema

Ezkutukoaz

Gontzal Agote.
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
'Incendies'

Zuzendaria: Denis Villeneuve.

Aktoreak: Lubna Azabal, Melissa Desormeaux-Poulin, Maxim Gaudette. Herrialdea: Quebec.

Iraupena: 130 minutu.

Denys Arcanden lanak izan dira azken urteotan Quebecetik pantaila handira iritsitako ia bakarrak. Kontua da herri horretan nahiko industria zinematografiko sasoitsua dagoela; batez ere, Frantziatik kultur ahaideentzat ailegatzen diren diru laguntzei esker.

Bere ingurunetik urrun dagoen errealitate bati erreparatu nahi izan dio Villeneuvek laugarren filmean. Itxuraz, Libanoko azken 40 urteetako historiaren laburpen subjektibo bezain gordina da; Quebecetik abiatuta Ekialde Hurbileko gatazka amaiezinari begira jarri nahi ditu ikusleak.

Baina geruza asko eta askotarikoak dituen lana da. Azaleko aldean daude horietako batzuk, eta errazago antzematen dira. Baina istorioaren lur azpitik egungo munduarekin lotuta dauden beste kontu interesgarri ugari landu nahi ditu, modu sotilago batez.

Bi hari mutur ateratzen dira filmaren barnetik. Eskuragarrien dagoenari segituta, antzezlan batekin eginen dugu topo, hori baita Jeanne eta Simon anai-arreben istorioaren oinarria. Maila horretan egonen dira istorio nagusiko gertaera gehienak: amaren heriotza, Jeanneren bidaia, amaren biografia zatikatuta, anaiaren eta aitaren bilaketa... Genero diferenteak uztartzen ausartu da Villeneuve; thriller politikoa eta drama familiarra nagusituko dira.

Hari horrek karga emozional handia emanen dio filmari. Radioheaden laguntzaz, indar handiko uneak ditu —esaterako, autobusaren kontrako erasoa edo kartzelaldiaren atal itogarria—. Hala ere, istorio horrek ezinen du bere jatorria ezkutatu. Zaila da antzezlan bat zinemarako taxuz egokitzea, eta zuzendariak errespetatu beharreko egitura itxiegia gertatuko da, zurrunegia.

Zorionez, horrekin batera bestelako maila bat du filmak, ezkutuago. Libanoko historia garaikidearen bidez, gaurkotasun handiko gaiari heldu dio: erlijioen, kristauen eta musulmanen, arteko elkarbizitza (eza). Istorio nagusitik ateratako bidexka horiek —amaren herriko emakumeen solasaldia edo errefuxiatu eremura egindako bisitaldia— trinkotasuna emanen diote osotasunari, eta film berezi hau aberastuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.