Kritika

Formula birziklatua

Gontzal Agote.
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Zinema

'How Do You Know'



Zuzendaria: James L. Brooks.

Aktoreak: Reese Witherspoon, Paul Rudd, Owen Wilson, Jack Nicholson, Kathryn Hahn.

Herrialdea: AEB.

Iraupena: 121 minutu.

Nola aldatzen diren gauzak, Brooks kamarada! Duela hamahiru urte komedia makulurik gabekoa egin zuen, 90eko hamarkadako onenetakoa, As Good As It Gets. Genero zail horri, klasizismoa eredu hartuta, beste irakurketa bat egiten asmatu zuen estatubatuarrak, askoz ere lehenago Peter Bogdanovichek What's Up Doc? bikainean egina zuen antzera.

Jack Nicholsonek orain arteko bere azken interpretazio handia eskaini zuen, ohi duen moduan neurrigabe, baina berebiziko alaitasunez. Ondoan zuen Helen Huntek asmatu zuen hari erreplika ematen. Gidoiak screwball comedies-ekoen gisara funtzionatu zuen, ongi kalibratutako erloju baten moduan. Zuzendariak lan hori biribildu zuen.

Hainbat kasutan ez bezala, horrek guztiak behar bezalako balorazioa izan zuen. Ikusle aldetik arrakastatsua izan zen filma, kritikak ere zituen bertute ugariak goraipatu zituen eta sarietako loterian ere potoloak tokatu zitzaizkion; oscarrak eta globoak, besteak beste. Ondoren, komedia gutxi hurbildu dira horren mailara.

Oraingo honetan, jokaldia errepikatzera egin du apustu. How Do You Know ez da aurrekoaren bigarren partea, baina nabarmena da orduko formula berritu nahi izan duela Brooksek. Urte hauetan, pantaila txikian izan du gogoa, The Simpsons telesail ezagunaren ekoizlea eta gidoilaria baita, eta zineman soilik Spanglish kaskartxoa egin du.

Zuzendariaz gain, bi pelikulen arteko lokarri nagusia Jack Nicholson bera da. Honetan ere, agure erretxinarena egin du, ziniko eta eskrupulurik gabeko aitaren rolean. Ez du protagonismo handirik istorioan, baina agertzen denean nagikeria puntu bat sumatzen zaio. Auskalo aktore beteranoak ez ote duen jada bere onena eman.

Gainerakoan, komedia erromantikoaren putzu konplikatuan saiatu da Brooks, baina azkenean erromantizismoa guztiz gailenduko zaio komediari. Izan ere, umore gutxi, gutxiegi du filmak; ironia ere ez da inondik ageri. Planteamendu klasiko batetik, bi gizonezkoren artean mugitzen den emakumezkoaren duda-mudak dira filmaren motor eskasa. Hori besterik ez du eskaintzeko.

Saiatu da Brooks jauna, baina kontuan izan gabe komedia erromantikoak bide berriak dituela urratzeko, behin eta berriz erretrobisoretik begira egon gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.