Zinema
'The Tourist'
Zuzendaria: Florian Henckel von Donnersmarck.
Aktoreak: Johnny Depp, Angelina Jolie, Paul Bettany, Timothy Dalton, Steven Berkoff, Rufus Sewell.
Herrialdea: AEB.
Iraupena: 103 minutu.
Mamirik gabeko luxuzko erakusleihoa. Horixe da The Tourist. Donostiarrek esanen luketen moduan, markoa paregabea da, Paristik Veneziara salto batean, Europako hiririk eder eta erromantikoetatik ibiliko gaituzte. Turistentzako promozio erreportajeaz aparte, deus gutxi du eskaintzeko thriller huts honek.
Argi dago garai bateko espioitza filmak gaurkotu nahi izan dituela Florian Henckel von Donnersmarckek. Guztiz antzua da saioa, besteak beste, zuzendarilanetan dagoenak ez duelakoAlfred Hitchcock edo Stanley Donnenen mailarik. Edo horiengandik zertxobait badu, dirua jarri dutenek ez diote utzi erakusten.
Deigarria da zein alde handia dagoen Das Leben den Anderen bikain horretatik The Tourist triste honetara. Lau urte eta bi mundu. Ez da berria kontua, Europatik alde egin, Ameriketara ospea eta sos bila, eta hori lortzearen truke Faust garaikideek arima eta sormena salduko dute, frankizia amaigabe eta hits batean amaitzeko.
Eta alemaniarraren gabeziak oso agerian geldituko badira, are okerragoa da bikote protagonistarekin gertatuko dena. Horiek ere Cary Grant eta Grace Kelly nahi dute izan, baina ametsetan segitu beharko dute. Biak elkartu izana —ez badiote izenik jarri, hona proposamen originala: Jongelica— filmaren amu nagusia da, ia bakarra.
Behin pelikula ikusita zalantza sortzea guztiz logikoa da: benetako aktoreak kontratatu dituzte, ala bi horien erreplikante hutsak dira pantailan agertu direnak? Hain da artifiziala bien interpretazioa, hain bortxatua posea. Eta bien arteko kimikaz, feeling esaten zaion horretaz, zer esan. Depp guztiz lekuz kanpo, despistatu jatorrarena egin nahian, ez du jakinen zein den mementoro jarri behar duen mozolo aurpegia. Eta nola deskribatu Jolie, jainkosa balitz bezala, uren gainean paseatuko da, esfinge irri-maltzurrarena egiten.
Horiek horrela, zaila du narrazioak taxuzko zerbait ematea. Dena zuzentasunaren mugetara lerratzea izanen da zuzendariaren ardura nagusia, gertatuko diren legez kanpoko ekintzetarako justifikazio «onargarri» bat bilatzea, alegia.
Gainerakoan, aberatsenen munduaren erakustaldi ia pornografikoa da filma: hotelak, soinekoak, bitxiak, festak… Bakar batzuek gozatzen duten mundu idealizatu baten apologia zikina da, baina erakusleihoaren beste aldetik zientoka turistak horren argazkiak egiten gozatuko dute.
Kritika
Hipermerkatuko xarma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu