Zinema
'También la lluvia'
Zuzendaria: Iciar Bollain. Aktoreak: Luis Tosar, Gael Garcia Bernal, Raul Arevalo. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 104 minutu.
Bi pelikula baten prezioan. Horixe da Iciar Bollainen azken lanak ikusleari eskaintzen diona. Zinema zinemaren barruan, baina bere zilborrari begira gelditu gabe, inguruko errealitatea ere harrapatu nahi baitu filmak. Atzoko eta gaurko konkistaren paralelismoak agertu, betiko esplotazioaren molde diferenteak aurrez aurre jarri.
Erregistro berri samarra jorratu du zuzendari espainiarrak bere seigarren filmean. Orain arte zinema sozialari lotuta agertu izan da, nahiko modu intimistan, eskala txikian. Orain, berriz, ikusmira zabaldu eta kontu potolo bati heldu nahi izan dio. Horrek aldaketa handia ekarri dio filmatzeko moduan, bere ametsa gauzatu nahi dutenen bila abiatu da Bolivia aldera.
Maila batean, pelikula bat aurrera ateratzeko lan nekeza dago. Fitzcarraldo (Werner Herzog, 1982) horren gisara, inguru deseroso batean edonoren ametsa erraz aski amesgaizto bihurtzen ahal da. Alde horretatik, oso iradokitzailea da zinemagileak ikusleari proposatuko dion jolasa, pantailara ailegatu den hori benetan gertatu ote den asmatzea da denbora-pasa. Esate baterako, Karra Elejalde aktore baten rola jokatzen ari da ala benetako Karra da También la lluvia-n ikusten dugun hori?
Beste maila batean, gatazka politiko eta sozial gordina dago. Bolivian eta oro har Latinoamerika osoko betiereko esplotazioa eta erroetara jo nahiko du filmak. Historiari helduta, Kristobal Kolonen aurkikuntzatik gaur egungo –istorioa Evo Morales agintera ailegatu aurretikoa da– natur aberastasunen etengabeko lapurreta sistematikora.
Bi maila horien uztarketak ongi funtzionatuko du pelikularen lehen bi herenetan, istorioak atzera-aurrera eginen du naturaltasun harrigarriz, eta interpretazioek, Garcia Bernalena salbu, sinesgarritasun handia emanen diote ikusten ari garenari.
Zoritxarrez, hortik aurrera zuzendariak, edo beharbada Paul Laverty gidoilariak, bitasun hori ahaztu eta norabide bakarra hartuko du, bururaino. Ordura arte erakutsitako oreka txalogarria guztiz desagerraraziz, amaierak kosta ahala kosta ikuslea hunkitzea bilatuko du, eta hori lortze aldera, Hollywoodeko zinema komertzialeko baliabiderik zatarrenak erabiliko ditu. Bi beharrean, hiru hartuko ditu También la lluvia-k, eta azken ordu erdian ailegatuko den gonbidatuak lehenengo orduko giro polita dezente hondatuko du.
Kritika
Hiru gehiegitxo denean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu