BizBAK egitarauaren barneko hiru erakusketa
Lekua: EHUko paraninfo berria (Bilbo).
Orain hilabete baino gutxiago hiru areto berri ireki dituzte, hirurak eraikin berdinean: BizBAK-ek (Bizkaia Bilbo Arte eta Kultura) kudeatzen dituen EHUko paraninfoko hiru aretoak, alegia. Dena da berria: eraikina, programazioa, kudeatzaileen izena bera ere, lehen Bizkaiko Kanpusaren Kultur Kudeaketa programa bezala ezagutua baitzen BizBAK.
Inaugurazioak printzipioz baikortasunez hartu behar diren arren, kuriositatez begiratzen genion askok EHUko espazio honi. Izan ere, areto berriak egoteak ez du nahitaez programazioa bera desberdina eta interesgarria izango denik esan nahi. Askotan artearen ikuspegi bakar batzuk besteen gainetik ezartzen dira, eta kantitateak ez du zertan barietatea adierazi. Aldaketa garaia da Bilbon, BilbaoArteko zuzendaritza ordezkapena, Bulegoa z/b espazioaren irekiera, Alondegiaren presentzia populatuarekin; horren barnean BizBAKen egitarauak zein leku hartuko zuen ikustear zegoen.
Eta hasiera ez da makala izan, antolakuntza bikaina ez den arren: ez dakigu zein ordu eta egunetan irekitzen dira erakusketak, inon ez baitu jartzen, eta gida moduan ematen duten posterra, itsusi samarra izateaz gain, irakurtzeko guztiz deserosoa da. Hori alde batera utzita, hiru dira ikusgai dauden proiektuak: Weare QQ-ren El Enemigo bideoa, Nader Koochakiren XXXXX instalazioa, eta Erreakzioa-Reacción kolektiboaren erakusketa-artxibo bat.
Beharbada erakargarriena Weare QQren proposamena da, alde batetik berria zaigulako (ez dugu haien lana Euskal Herrian ikusteko aukera askorik izan), eta bestetik, berrikuspena eta izaera fresko eta bizia elkartzen dutelako El Enemigo bideoarekin. Godarden La Chinoise-ren eguneraketa ironiko eta prekarioa dugu, Bartzelonako estilo arduragabe antzeko horretan, inguruko elementuen bidez inpresio iraunkorrak sortzea lortzen duena. Pertsonaia nagusiek egungo gazteriaren kezkak erakusten dizkigute, gure giza ingurunearen ikuspegia zein den aztertu nahian, eta aldi berean, erakusteko nahi horrek berarekin dakarren ezintasuna agertuz. Non geratu da beste garai bateko gazteen izpiritu borrokalaria? Eta aldi berean, zeri lotzen zitzaion izpiritu borrokalari hori, eta nola garatu zen denboran? Posible al litzateke gaur egun La Chinoise bezalako filma bat, globalizazioaren mundu korapilatsu honetan? Eta zein da artistak labirinto horretan bete behar duen espazioa?.
Diziplina aniztasuna
Ez doa oso bide desberdinetik Nader Koochakiren lana, soziologia eta antropologiatik abiatzen den artista, ikerketarako objektua eta subjektuaren arteko banaketa zalantzan jartzerakoan. Bitxia da Weare QQ-ren lanak guri buruz egiten duela hitz, hau da, artearen munduari buruz, bai savant-en erreferentziak erabiliz, bai ikus-artisten izaera eta gogoetetan zentratuz, eta hori baloratzen dela; eta aldiz, Koochakiren lanean bere diziplina aniztasuna azpimarratzen da gehien. Ondo onartzen baititugu arte munduan beste diziplinetatik etorrita geure lan egiteko moduak onartzen dituztenak, eta oso gaizki haien tresnak geurera ekarri nahi dituztenak. Zentzu horretan, Koochakiren lanak guztiz betetzen ditu arauak: ikerketarako gai gisa artzain zakurren lehiaketa hartuz, analisi eta behaketa maila desberdinak jartzen ditu martxan aldi berean: gertatzen diren mugimenduen grabazio eta artxibatzea, lehiaketaren oinarri soziologiko bera, honen sorkuntza bultzatzen duen ingurugiroarena eta aldibereko telebistatzea. Mostran geruza guzti hauek errepresentatzen dituzten bideoak jartzen ditu aldi berean abian, giza ikerketa zientifikoek ustez duten emaitza bakanak emateko aukera guztiz baztertuz. Lana interesgarria da, baina ezintasunean erortzen den formatuan du bukaera, harago joaten uzten ez duena.
Azkenik Erreakzioa-Reacción kolektiboaren mostra dago, eta tamalez, hau da hiruren arteko ahulena. Kolektiboak, batetik, EHUren ondareko artista emakumeen hainbat lan hautatu ditu, eta hauekin batera deialdi ireki bat egin du beste emakume artistek zerbait bidali zezaten. Ikuslea gela betearen aurrean topatzen bada ere, erakusketak ez du ezer transmititzen. Ertibil antzeko inpresioa ematen du, zentzu eta loturarik gabeko lanak, elkartuegi eta pilatuegi benetan banan-banan preziatuak izateko, eta aldi berean, ez nahikoak emakumeek EHUko Arte Ederretako fakultatean duten presentzia baieztatzeko. Kontuan izanda gaur egun 600 bat emakumek ikasten dutela fakultatean, erakusketako 85ek ez dute ezer irudikatzen.
Gainera, parekotasun politiken kontra daudenei fabore ederra egiten zaie: hemen daudenak emakumeenak izateagatik erakusten dira, ez haien balorearengatik. Erreakzioaren aurreko proposamenekin alderatuz honek tristatzen du, feminismoaren arrazoibide konplexu eta beharrezkoa anekdotiko eta zertxobait arrapaladakoa bezala uzten baitu. Pena, batez ere partehartzaile askoren balioagatik.
Espero dezagun hurrengo erakusketek koherentzian zertxobait irabazi eta ildo interesgarriak ekartzen jarraituko dutela.
Artea. Kritika
Hirukote desorekatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu