Kritika

Ikuspuntua berritzen

Gontzal Agote.
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Zinema

'The Kids Are All Right'

Zuzendaria: Lisa Cholodenko. Aktoreak: Annette Bening, Julianne Moore, Mia Wasikowska. Herrialdea: AEB.Iraupena: 104 minutu.

Hasiera-hasieratik, lehen sekuentziatik, gaia zedarritzen saiatu da Lisa Cholodenko, gaizki-ulertzerik edo interpretazio okerrik egon ez dadin. Familia bat ari da etxean afaltzen, bikotea eta bi seme-alabak. Horiek nerabezaroan daude eta hizketa-gaiak nahiko topikoak dira: idatzi beharreko esker oneko gutun batzuk, seme gaztearen lagun desegokia, amaren furgoneta berria... Bikotekidearen artean liskartxo bat ere sortu da, baina nabari da urteak daramatzatela elkarrekin eta egoera nahiko ongi kudeatzen asmatzen dute.

Naturaltasun osoz bere protagonisten aurkezpena egin du, ez du inporta nondik datorren familia, ze bide segitu behar izan duen pantailan ikusi dugun hori izan ahal izateko; momentuan diren hori da inporta duen gauza bakarra, familia bat eta bere egunerokoa. Horrexegatik, orain gutxi arteko familiaren ohiko egitura ez izatea ez dela horren inportantea esan nahi digu zuzendariak. Hala da, eta kitto.

Behin bere kartak erakutsita ildo beretik segitu du Cholodenkok. Honakoa ez da aldarrikapen filma, zuzendariak ongi baitaki aldarrikapenik onena gauzak naturaltasunez ematea dela, bestelakorik iraganekoa dirudi bere begietara. Prisma aldaketa da The Kids Are All Right proposatzen duena, normaltasunera jolasteko gonbite moduko bat izateraino.

Familiaren inguruko ohiko pelikulen aldean, osagai bat aldatuta aurrera egiten asmatzea da filmak duen balore nagusia. Azken finean, familiaren gainean jarri nahi du fokua zuzendariak, eta ez horrenbeste sexu bereko pertsonen harremanen gainean. Horregatik, hasierako komedia giroa, zertxobait mingostu da bigarren zatian, eta Joni gazteak protagonismo handiagoa hartu du.

Bi emakumezko aktore handi (Annette Bening eta Julianne Moore) bere onena ematen ikusteak balio erantsia ematen dio The Kids Are All Right-i, argi dago bete-betean sartu direla bere roletan, eta bereziki Moorek inongo Oscarrak saritu ezin duen interpretazio lezio berria eskaini du.

Abiapuntuko distortsio inteligentea alde batera utzita, filmak ez du nobedade handiegirik ekarri. Familia krisiaren ereduaren adibide berria da Cholodenkok eskaini duena, neurrikoa eta inongo gehiegikeriatan erori gabe. Zintzotasuna dario filmari, bihotzez eta buruz egindakoa dela nabari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.