Zinema
'Mine vaganti'
Zuzendaria: Ferzan Ozpetek. Gidoilariak: Ferzan Ozpetek, Ivan Cotroneo. Aktoreak: Riccardo Scamarcio, Nicole Grimaudo, Alessandro Preziosi. Herrialdea: Italia. Iraupena: 110 minutu.
Hiru dira azken hamar-hamabost urteotan Turkiarekin lotuta Europan nolabaiteko errekonozimendua lortu duten zinemagileak: Nuri Bilge Ceylan, Fatih Akin eta Ferzan Ozpetek. Kasu guztietan interesgarria izanagatik, zeharo diferentea da hirurek izan duten ibilbidea. Turkiarekiko eta, oro har, ekialdeko molde kulturalekiko atxikimendua erraz aski graduatzen da hiru zuzendari horiengan, Ceylangandik Ozpetekgana, Akinen forma hibridotik pasatuta.
Ozpetek da mendebaldeko ikuskeran gehien errotuta ageri dena, betiere berezko ñabardurak gordez. 1997an Hamam il bagno turco arrakastatsu hura egin zuenetik, Italiako zinemaren kodeak eta moduak bere egiten saiatu da. Mina vaganti honetan ahalegin horrek gailurra jo du nolabait, 50-60ko komedia italiarrera konplexurik gabe hurbildu baita.
Hala ere, haren pelikulak bereziak dira oraindik ere, ez dute guztiz bat egiten eredu kanonikoarekin. Ausarta da oso istorioak kontatzeko orduan, oreka zaila mantentzen saiatzen baita: pelikula komertzialak egin, autore izatea guztiz galdu gabe. Erdibideko formula horretan zaila da mugitzen, baina pelikulaz pelikula Ozpetekek aurkitu du soka gainean mugitzeko sekretua. Hainbatetan kitsch-era hurbilduko da, baina hori konpentsatze aldera pertsonaia eta egoera sendoak eraikiko ditu.
Mine vaganti bitasun horren adibide ezin hobea da. Itxuraz, Italiatik noizbehinka ailegatzen den komedia inozo bat zatekeen, baina alde komikoa oso neurtuta dago. Berez, drama bat ezkutatzen duelako istorioak, arinki kontatuta jasangarriagoa dena. Ezin da alboratu film honek duen hirugarren erpin interesgarri bat, landetako burgesia garaiz kanpokoaren bizimoldearen gaineko begirada ironikoa, Chabrolek bere egiten ahalko zuena.
Ozpeteken pelikula gehienen moduan, nahiko koktel ezohikoa aterako da, bizitzeari eta norbere bidea aukeratzeari gonbidapen jostagarri eta atsegina. Eta ezin ahaztu azken osagaia, homosexualitatea. Zuzendariaren ezinbesteko elementua da. Honetan, modu guztiz lotsagabe eta ludiko batez agertuko du; batzuen aurreiritziak eta ezjakintasuna agertu bai, eta aldi berean gay munduaren gaineko begirada autoparodikoa eginez.
Kritika
Italia zahar eta garaikidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu