Kritika. Zinema

Izotz arteko trantsizioa

Gontzal Agote.
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
'Ice age 4'

Zuzendariak: Steve Martino, Mike Thurmeier. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 92 minutu. Aktoreak: Animazioa da.

Laugarrenera ailegatuta, merezitako oporrak hartzea erabaki du Ice Age sailak. Narrazioaren erritmoa pausatu, sortutako pertsonaiei zuku gehiago atera eta ezusteko gutxi. Horrekin guztiarekin, ikusleari denbora-pasa atsegina eman.

Nekea izanen da, kale itsu batera ailegatu izana edo besterik gabe gidaritza hartu duten zuzendariek ez dutela bete-betean asmatu —Carlos Saldanha saileko sortzailea Rio-ren bigarren zatiarekin ari da—, baina argi da azken atal honek dezenteko freskotasuna galdu duela.

Dena den, oso maila onetik abiatu zenez, ezin esan film kaskarra denik laugarren hau. Oraindik ere animazio alorrean dagoen eskaintzarik interesgarrienetakoa da Ice Age. Kontua da nonbait ekoizleak jabetu direla formula infinituraino luzatzen ahal dutela, eta horren ondorioz frankiziari tempo lasaiagoa ematea erabaki dutela. Modu horretan, Érase una vez el hombre-ren gisako telesail bat bihurtzen ahal da; orain kontinenteen sorrera, hurrenean Homo sapiens-aren agerpena edo gurpilaren asmazioa, eta horrela XXI. mendera ailegatu arte.

Pertsonaia kopuru handia edukitzeada, oraindik ere, Ice Age 4-ren bertuterik handienetakoa. Bakoitza bere rolean, filma korala egiten lagunduko du aniztasun horrek, animalia xelebre horien bitartez gizartean erraz aski identifikatzen ahal diren jokabideak azalduko dira. Betiere arintasun kalkulatu batez, kritikan askorik sakondu gabe.

Pertsonaiak ez, istorioa da filmaren alderdirik makalena. Abiapuntu biziak ez du behar bezalako segidarik izango. Azken finean, izotz puska batean abiatzea eta berriro buelta egitea da filmak kontatuko duen gauza ia bakarra. Bitarte horretan, gaiztoen rola jokatuko duten piratak agertuko dira. Horixe da,bada, nobedaderik handiena, aurrekoetan istorioak ez baitzuen gaizto identifikagarri baten beharrik.

Horrekin guztiarekin, Ice Age 4 nahiko film desorekatua bihurtuko da. Erraz ikusteko modukoa, baina apenas zirrararik eragiteko gaitasunik duena. Bi etapen arteko trantsizizko katebegi bat izaten ahal da, edo bereak eman duen formula baten azkenaurreko printza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.