Antzerkia
'La tempestad'
Konpainia: Companhia do Chapito. Zuzendaria: John Mowat. Antzezleak: Jorge Cruz, Marta Cerqueira, Tiago Viegas. Lekua: Santurtziko Serantes aretoa. Eguna: Urtarrilaren 29a
A tempestade du jatorrizko izenburutzat Companhia do Chapitô egunotan gurean aurkezten ari den antzezlanak. Nik dakidala, oraingo hau Lisboako konpainiak egiten digun laugarren bisita da —aurreko hirurak O grande Criador, Talvez Camões eta Dracula antzezlanekin izan ziren— eta gai klasikoen berrikuspen garaikidea egin dute oraingo honetan ere, antzerki txiroaren baliabide apalak taldearen betiko bikaintasunarekin erabiliz.
Aurreko muntaietan bezala, hiru aktore egon dira taula gainean, baina haien artean Tiago Viegas bakarrik ezagutu dugu, eta beste berrikuntza bat izan da haietariko bat emakume izatea. Hala ere, neska ala mutila izateak ez du batere garrantzirik Chapitoren muntaietan, erraztasun handiz aldatzen dituztelako emakume zein gizon rolak beraien artean. Muntaia honetan bertan neskak sexu bietako rolak jokatu ditu, Viegasek berak ere naturaltasun osoz erditu da beragandik jaiotako alaba batez, eta hiruren artean jatorrizko obrako hamaika pertsonaiak gorpuztu dituzte, nobleak, munstroak, aztiak eta amoranteak barne, baina betiere kanpo karakterizazioa —jantziak, makillajea...— ezertan ere aldatu gabe.
Ikusten denez, barne karakterizazioan datza konpainiaren itzelezko indarra, eta, antzerki txiroari dagokion bezala, oso elementu gutxirekin hornitu dituzte William Shakespearek asmatu zituen fantasiazko eszena konplexuak. Horretarako, jakina, ikusleak buru-jardunean ibili behar dira etengabe, eszenan agertzen diren elementu soilak interpretatuz eta hiru antzezleek rol batetik bestera egiten dituzten etengabeko jauziak harrapatuz.
Konpainiak ikusle aktiboen irudimena pizteko duen gaitasuna hobeto ulertzeko, jakin beharra dago aktore lanaz gain lau elementu bakarrik erabili dituztela emanaldian zehar: argiztapen nahiko soila, soinu efektu egokiak, edozertarako balio izan duen oihal beltz handia eta liburu magikoa, hainbeste mirari egin ostean, azken unean, itsasoko uretan betiko ito eta galdu dena.
Kritika
Liburu magikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu