Artea. Kritika

Martiri aurpegi aniztuna

Alfredo Garcia Revueltaren San Sebastián, o los cigarrillos me están matando (1994). JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Haizea Barcenilla
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Artea

'San Sebastian. Esparru sakratu eta profanoari buruz'. Askoren artean.

Non: Kubo Kutxa (Donostia).

Noiz arte: martxoaren 27ra arte.

Hona hemen istorioa: Pekingo gazte batek bere enpresaren presioak sufritu ditu txosten faltsu bat sinatu nahi ez duelako. Egingo balu, segurtasunik gabeko azpiegitura berri bat eraikiko zen, auzune oso bateko jendea desjabetuz horretarako. Sinatu ezean, ordea, bere lana galtzeko aukera guztiak ditu. Agintzen duenaren eta bakoitzaren etika pertsonalaren arteko borroka agertzen du Ramon Roigen Sebastian Pekin bideoak, eta Donostiako Kuboak eskaintzen duen San Sebastian erakusketaren printzipioaren ilustrazio ona izan daiteke: mendebaldeko saindu kristauaren pertsonaiaren interpretazioa erabiltzen du artistak bere mundutik aldenduta, Txinan eta kapitalismoaren gailurrean, gertatzen den istorio bati zentzua emateko.

Mostra ausarta da San Sebastian, kontzeptuz erraza eta aldi berean, klasikotasunaren maitaleentzat, zertxobait probokatzailea. Bertan, San Sebastianen ikonografiak hamabosgarren mendetik aurrera jasan duen transformazioa eta, batez ere, azken mendean bizi duen laikotasuneratze eta bereganatzea erakusten da. Gipuzkoako hiriburuari izena ematen dion martiriak, hain zuzen, sinbolo anitz irudika ditzakeelako, betiko saindu sufrituarenaz gain. Sebastian Pekin-en kasuan, bere etikaren kontra zerbait inposatzen zaion borrokalariarena da irudia; badira, ordea, minaren eta plazeraren harreman morbosoa erakusten duten imajinak ere, erdi biluzik, zuhaitzean lotuta dagoen saindu zulatua irudikatzean, gizonaren gorputzaren gaineko desioaren isla bihurtuz. Horrek, beti bezala emakumeak alde batera utzita, gay ikonografiaren klasiko bihurtu du.

Komisaritzaren munduan aspalditik dirauen diskusio batek galdetzen du irudi historikoak eta garaikideak mostra berean elkartu ahal ote diren. Hainbaten arabera, erregimen desberdinei egiten diete aipu garai bakoitzeko errepresentazioek; hots, modu desberdinean «funtzionatzen» dute, eta, ondorioz, ezin dira diskurtsoko maila berdin batetik aurkeztu eta azaldu. San Sebastian-en bisitan, ordea, ez da horrelako arazorik nabaritzen. Irudi klasikoek ez dituzte garaikideak murrizten, ezta garaikideek historikoei ez duten zentzu bat ezartzen ere. Gainera, askotan lortzen ez den zerbait dugu ikusgai Donostiako mostran: gai zehatz bat dagoen arren, lanen esanahiak gehitu egiten dira, eta ez zaizkio interpretazio bakar bati lotzen.

Horrek guztiak ez du pentsarazi behar erakusketa atsegina eta heroikoa denik; argi dago tortura baten irudikapenetik —ez baitezagun ahatz azken finean hori dela San Sebastianen ikonografia— ezin dela gai arrosarik irten. Mina da ardatz nagusi bat, min fisiko zein psikikoa; honela, zenbait mendetako eskulturez gain, Bill Violaren Silent Mountain bideoa dugu, esaterako, gizon eta emakume baten sufrimenduaren antzezpen bikainak kamera geldoan ematen dituena, oinaze horren estetizazioa bilatuz —eta lortuz—. Eta mina modu zuzen eta lazgarrian erakusten duten Manuel Boixen Martiri de Sant Sebastian seriearen bi margoek, tamaina erraldoian behatzetan egindako zauriak betirako denboran geldituz.

Badago, ordea, lehen aipatutako mina eta desioa elkartzen dituen parametro bat, sufrimenduzko unea zama erotiko argi eta zuzena duten irudi bihurtzen duena. San Sebastianek gay ikonografiarekin duen lotura hainbat elementutatik dator: batetik, erdi biluzik agertzen den gizon gaztearen errepresentazioak gorputzaren irudikapen sentsualerako aukera anitz eskaintzen dituelako, eta artearen historian orokorra den moduan, emakumeon sentsualitatea baztertu eta gizonezkoek bereganatu dute honako hau. Horretaz gain, geziak maitasunaren gezi gisa har daitezkeelako halaber, eta zuzen hitz eginez, sarketak badu zer esanik irudiotan. Hori dela eta, asko dira erakusketan ikuspegi honetara lotzen direnak, Pablo Perez Minguez, Nazario Luque Vera, RGF + DDT, Pierres et Gilles eta Bavo Defurne Saint izeneko zuri beltzeko edertasun estetiko handiko pelikularekin. Denak inolako inozentziarik gabeko irudiak, inor hotz utziko ez dutenak.

Badira ere min mentala, ezintasuna, harremanen zailtasuna adierazten duten zenbait lan; horiek bai, bitxiki, emakumeenak. Esaterako, Carmen Calvoren Desengainu eta Mayte Vietaren Orbainak. Ikonografiaren aurkezpenarekin eta horren ulerpenarekin lotuta, aipagarria da oso Jose Ramon Amondarainen lana, testuinguru desberdinetan sainduaren irudi klasikoaren argazkiak atera dituena, beste lanekin harremanetan, edo zentzurik gabeko lekuetan kokatua. Azkenik, ezin Odon Elorzaren irudi kritiko-komiko bat ahaztu, Ramon Zuriarrainen eskutik.

Erakusketa berezia da San Sebastian, ohituta ez gauden horietako bat; ez pertsona guztien gustukoa beharbada, baina indartsua eta aztoratzailea izan daitekeena zenbaitentzat. Edonola ere, Donostiari buruzko erakusketa tematiko aspergarria gainditu eta zerbait erakargarriagoa eskaintzen duena, begi inpaktuaren garrantziarekin eta morboarekin apurtxo bat gehiegi jokatuta ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.