Kritika. Zinema

Matxinatu ez diren klonak

Gontzal Agote.
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
'Never Let Me Go'

Zuzendaria: Mark Romanek. Zuzendaria: Carey Mulligan, Andrew Garfield, Izzy Meikle-Small. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 103 minutu.

Zorte handia izan du Kazuo Ishigurok orain arte bere liburuen gainean zinemarako egin diren moldaketekin. Zortea bilatu egin behar izaten da. Idazleak ongi aukeratu du nork eta noiz eta zergatik eta nola. Ez da begi aurrean agertzen den lehen diru poltsaren atzetik korrika atera. 1993an James Ivory akademizistak lan bikaina egin zuen The Remains of the Day eleberriarekin. Filma hamarkada horretako harribitxietako bat da. Bigarrena hogei urte geroago ailegatu da. Ishigurok 2005ean eman zuen argitara Never Let Me Go kultuko liburua.

Ekoizle lanak hartu ditu beretzat idazleak, Alex Garland lagunari moldaketaren ardura eman dio, eta filma zuzentzeko Mark Romanek aukeratu du. Batez ere bideo musikaletan egin duen lan irudimentsuagatik da ezagun Romanek. Argazkilaria ere bada, eta horri esker pelikulak tonu eta girotze berezia lortu du.

Never Let Me Go ez da batere liburu erraza zinemara ekartzeko, tempo berezia du eta malenkonia kutsu antzemangaitz dario istorioari, irudietan ematea oso zaila dena. Horretan bete-betean asmatu du Romanekek: denboraren eta espazioaren kudeaketa bikaina eginez, liburuaren mailakoa den giro berezia lortu du.

Generikoki zientzia fikzioa dela esaten ahal dugu, baina sailkapen hori murritz gelditzen zaio Never Let Me Go-ri. Jane Austen eta Blade Runner-en arteko bidegurutze batean daude Hailsham eta bere biztanleak. Daryl Hanna, Rutger Hauer eta gainerako erreplikanteak matxinatu izan ez balira gertatzen ahal zena litzateke hemengo abiapuntua.

Baina hori baino gehiago da, heriotzaren, hortaz bizitzaren gaineko begirada pausatua da, grisa eta tristea itxuraz, baina funtsean bizitzeari kantu bat da. Eta harago joanda, hiesaren seme-alaben gaineko alegoria dira Never Let Me Go-n heriotza segurura kondenatutako gazteak.

Pelikula ederra izateaz gain, belaunaldi berriko hiru aktore britainiar onenetakoek distira berezia emanen diote narrazioari. Horiek pantailan ikusi ostean, argi gelditu da klonek ere arima badutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.