Artea. Kritika

Ni ere han egon nintzen

Mikel Onandia Garate.
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Artea

'I Was There'.Zuhar Iruretagoiena.

Non: Arizko dorretxea. Basauri. Noiz arte: maiatzaren 3ra arte.

Nork ez du etxean bere argazkiren bat atzean Eiffel dorrea duela? Edota edozein hondartza eder, mendi garai zein monumentu ospetsuren batekin agertzen den erretraturik? Gehiago ala gutxiago atsegin argazkiak, ez dira asko izango paisaia edo hiriren bateko txoko gogoangarriren batean bere burua agertzen duen argazkirik edukiko ez dutenak. Halako imajinak—eta horiek atzean izan ditzaketen inplikazio ezberdinak— dira Zuhar Iruretagoiena (Zarautz, 1981) artistaren erakusketaren abiapuntua eta funtsa.

Mostra xumea dugu zinez, eta piezak ere txikiak dira: hemeretzi argazki pare guztira. Normalean eskultura landu ohi du Iruretagoienak, baina oraingoan —asteotan Donostiako Koldo Mitxelenako erakusketa aretoan ikusgai den eta Gipuzkoako Artista Berrien 44. Lehiaketa irabazi duen lana bezalaxe—, gure inguruko errealitateen gainean hausnartzeko nahia agertzen duen argazki seriea gauzatu du artistak. Kasu honetan, irudion jatorria zarauztarrak orain gutxi Mexikora eginiko opor bidaian bizi izandako esperientzia arrunta bezain adierazgarria da.

Iruretagoienak turistek oporretan egin ohi duten (dugun) ohiko jardueretako bati erreparatu zion, hots, argazkiak ateratzeko dugun moduari: toki jakin baten —izan monumentua, paisaia edo toki sinbolikoren baten— parean jarri eta argazkia ateratzea. Halako ohiko ekintza zabalduaren kausez galdetuta, argazki bilduma sortu du Iruretagoienak. Argazkietako bikoteetako batean artistak bisitaturiko tokiak agertzen dira pertsonarik gabe, eta albokoan eszena bera dago, baina kasu horretan pertsona batekin; hala, Mexikoko piramideak, herrietako plaza eta elizak, ur-jauziak, hondartzak, ohianak zein Mexiko Hiriko El Zocaloko bandera erraldoia ikus ditzakegu, bai bista panoramikoan bai erretratu baten eszenatoki lez, bi irudiok konparatzeko. Funtsean, argazki bera dira, pertsonarekin eta pertsona barik; baina, zinez, ez dira argazki bera, eta hor dago gakoa.

Halako irudiak erabilita guk ia inkontzienteki egiten dugun ekintza horren gainean hausnartzeko parada ematen du mostrak. Turismo bidaietan, bikotea, seme-alabak, lagunak erretratatzen ditugu, guk beste bati argazkia ateratzeko eskatzen diogu, edota beste batek guri eskatzen digu berari argazkia egiteko. Baina, sarritan, argazkia ateratze horretan paisaiaz edo monumentuaz disfrutatzea galtzen da; gainera, mota horretako imajinek ez dute ondo funtzionatzen, gehienetan ezinezkoak diren konposizioak osatzen saiatzen baikara—«zoaz aurrerago, eta orain mugi eskumara aput bat»; «ez da ondo ikusten, eguzkiak ematen digu»; «geldi hor, eta orain egin irribarre»—, eta azken emaitzetan artifizialtasuna sumatzen da nahiko argi. Pentsa jarri ohi ditugun poseetan. Argazkia bera behartua da, eta ez da ondo ateratzen, ez paisaia ez norbera. Gurean, Guggenheim museoan Jeff Koonsen Puppy txakurraren aurrean turistek (eta turistak ez direnek) argazkiak nola ateratzen dituzten ikustea besterik ez dugu.

Mostran ez dago tesi jakinik agerian; soilik argazkiak, ikusleak bere esperientzien eta ideien baitara juzga ditzan. Alde batetik, egun bidaiek gure kulturan duten balorazio positiboaren izaeraz —badira beren bidaia exotikoen argazkiak kultur etxeetan erakustea ofizio bihurtu dutenak—, eta bestetik, argazkien beraien izateaz pentsatzeko parada ematen du —norberak eginiko argazkiek asko esaten dute mundua ikusteko dugun moduaz, baita guk argazkietan agertzeko dugun erak ere besteek nola ikusten gaituzten— edo besteek nola ikus gaitzaten nahi dugun. Baina galdera nagusia da: zer dago leku jakinetan argazkietan agertzeko grina horren atzean? Funtsean, bertan izan garela esateko beharra. Leku ezagun eta erreferenteetan gure buruak kokatuz, betierekotasuna irabazia duten lekuengan proiektatzen gara, gure bizipenen oroitzapenak betikotu nahiean. Argazkia horren froga da, testigantza seinalea. Baina oinarrian bada baita besteengatik onartua izateko nahia, besteei han edo bestean egon garela, hots, interesgarri garela, eta modu batera, kontutan har gaitzatela esateko beharra. Unamunok esan zuen giza ekintzen atzean, funtsean, hilezkortasun nahia zegoela, gure heriotzaren ostean mundu honetan arrastoren bat utzita, gure patu tragikoari —heriotza— aurre egiteko nahia. Bada ere halako zerbait argazkietan.

Erakusketa txikia da, baina esanguratsua. Pieza sinpleak izanagatik ere, badute zer esanik, eta Iruretagoienak gure egunerokotasuna, baita aisi edo opor aldia ere, gogoeta abiapuntua izan daitekeela erakusten du. Kulturaren espektakularizazioaren eta proposamen artistikoen handitasunaren garaiotan planteamendu txikiekin giza izaeraren oinarrizko kezkak modu egokian ager daitezkeela argi dago. Halakotaz eta bestetaz hausnartzeko parada dago Basaurin egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.