Artea. Kritika

Ordenara itzultzeaz

Mikel Onandia Garate.
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Artea

'Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918-1936'

Non: Bilboko Guggenheim museoa. Noiz arte: Maiatzaren 15era arte.

Ordenara itzulera. Kontzeptu horrekin izendatu ohi dute historialariek I. Mundu Gerraren traumaren ostean Europako arteak ezagutu zuen norabide aldaketa, hots, abangoardiek ekarritako apurketa erradikala gaindituta, klasizismoko —edo akademizismoko— arauetara itzultzeko joera orokorra. Fenomeno hori—hain justu Frantzia, Italia, Alemania eta Espainian bi mundu gerrateen arteko artea— aztertzeko asmoz, 90 artistaren 150 obrarekin gauzatuta, argi-ilunak dituen erakusketa bat ireki dute Guggenheimen.

Gerra Handiaren gatazka eta sarraskiek oihartzun handia izan zuten gizartean, eta eragin zuzena sorkuntza artistikoan. Hala, aurreko gizarte sistemaren oinarriak kolokan zeudela, oinarri ziur eta sendoagoak bilatu gura izan ziren, estetika tradizionalago bat berreskuratuz, modu ezberdinetan lekuaren arabera—retour à l'ordre Frantzian, ritorno al mestiere Italian eta Neue Sachlikchkeist Alemanian—. Kubismoa, espresionismoa, futurismoa mesfidantzaz ikusten ziren, eta basakeriaren aurrean arau eta balio iraunkorreko ordena berri bat sortzeko nahia agertu zen. Segurtasuna adierazten zuen klasizismoan jarri zituzten begiak askok.

Esperimentazioa utzita, errepresentazio literal eta garbiagoen alde, Antzinatera itzultze horrek aurpegi ezberdinak agertu zituen; eskultura klasikoaren berpiztearen etsenpluak aurki ditzake erakusketako bisitariak—Aristide Maillol zein Arturo Martininen lanak, kasu—, baita Berpizkundeari begiratzen dioten margolariak ere —futurismoa utzi eta garai hartako espiritu nazionalistarekin bat egin zuen Carlo Carra italiarraren Lot-en alabak (1919) da adibide argia—, modernitatearen eta erreferente klasikoen artean dabiltzan proposamenak —Jean Cocteau zinemagilearen Poeta baten odola (1930), esaterako— zein Antzinateko estetikan inspiraturiko moda eta objektu dekoratibo bakan batzuk.

Mendebaldeko historian ugariak izan dira erreferente klasikoenganako itzulerak, eta hau ez da gerra aurrekoaren erabateko ezeztapena; 1920-1930eko hamarkadako artistek ere klasikoen interpretazioen berrinterpretazioak egin zituzten: Antzinateko arkitektura, Giottoren Berpizkunde primitiboa, Poussinen barroko klasizista, Daviden neoklasizismoa eta abar. Picasso dugu joera honen figura garrantzitsuenetarikoa, beste askorengan eragin zuena; sekula guztiz joera kubista utzi ez arren, une batean tradiziora begiratu zuen malagarrak —mostrako Olga (1923) erretratua da adibide ederra—, beti present izan eta maisuki interpretatu zuena; ez da kasualitatez XX. mendean tradizioa eta modernotasuna modu bikainenean uztartu zituen artista.

Bilboko erakusketan artista hauek egunerokotasuna —kale eszenak, erretratuak, bodegoiak— eta giza gorputzaren trataera idealizatu eta eszenifikatua —antzerkia, zirkua, kirola— tratatu zuten lanak biltzen dira baita ere. Bestetik, klasizismoaren irakurketa politikoenek ere badute lekurik; hala, 1920ko hamarkadan gorakada ezagutu zuten faxismoen interpretazio politizatuenen adibideak zuzenean ezagut ditzake bisitariak, horien artean, nazismoak eginiko Antzinatearen eta III. Reich-aren arteko konparaketa —Leni Riefensthalen Olinpiada film propagandista eredu dugu— zein Italian Mussoliniren gobernuak bultzaturiko arte arranditsu eta filofaxistaren etsenplu ezberdinak, hala nola Mario Sironiren tamaina handiko pinturak, besteak beste.

Bukatzeko, arkitekturari gune bat eskaini diote, Le Corbusier eta Mies van der Roheren lanen aukeraketa txiki bat aurkeztuz, horien artean azken horrek Bartzelonako 1929ko Erakusketa Unibertsalean gauzatu Alemaniaren pabilioiaren birsortzea.

Egiaz, izenburuan aipatzen bada ere, erakusketan kaos gutxi dago. Gerraosteko artegintzari eskainia izanik, uler daiteke kubismoaren edo fauvismoaren presentziarik ez egotea, eta egia da apurtzaileak izan ziren artista asko tradizionalago bihurtu zirela aurrerago, baina atentzioa ematen du dadaismoaren —justuan gerrak sorturiko munduaren aurka agertu zen mugimendu erradikal eta erabat apurtzailea—, surrealismoaren zein abstrakzio modu ezberdinen —mostran dauden lanen garaikideak, herrialde bertsuetan garatuak denak— arrastorik apenas agertzea.

Bestetik, New Yorketik pasa ostean, artista espainiarrak eta euskal herritarrak gehitu dira mostrara, baina azkenekoen lanen aukeraketaren egokitasuna zalantzagarria da, erakusketaren diskurtsoa gurera ekartzeko asmoa horretan geratu baita, asmo hutsean.

Oro har, mostran lan interesgarri asko aurki ditzakegu; ostera, tesi historikodun erakusketa izaki, Guggenheimeko hainbat erakusketak izaten duten akatsean jausteko arriskua ikusten diot, titular handietan geratu eta arte modernoaren fenomenoaren izaera eta diskurtso konplexu eta plurala ezkutatzea, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.