Zinema
'The King's Speech'
Zuzendaria: Tom Hooper. Aktoreak: Colin Firth, Helena Bonham Carter, Geoffrey Rush. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 128 minutu.
Turroiarekin eta familiarekin borrokan, beharbada ez gara ohartu Oscar sariak ate joka daudela. Batzuk, baina, aspaldian ohartu ziren horretaz, eta, urtero bezala, armadarik eraginkorrena trebatu dute —marketin taldea, alegia— panpina urreztatu berri bat bulegoko apalategian jarri ahal izateko.
Weinstein anaiak dira hondoratze guztietatik bizirik ateratzen diren igerilari trebeak. Miramax ekoiztetxearekin AEBetako zinema independentea desitxuratu zuten, eta dirua irabazteko frankizia bihurtu. Miramaxek hondoa jo behar zuenean, Disneyri saldu eta dirua eskutan itsasontzitik salto egin zuten. Duela bost urtetik hona, berriz,The Weinstein Company dira.
Oscar sariei neurria hartua diete anaiok, hala-moduzko pelikulak «urteko sorpresa» bihurtzen iaioak dira, hala nola The Cider House Rules eta Shakespeare in Love. Hemen da erasoaldi berria: The King's Speech. Ez litzateke %100 justua esatea Oscarretarako prestatutako pelikula denik, berezko dohain batzuk badituelako, baina argi da Kodak Theatreraino daraman bide lasterra hartu nahi duela.
Gertaera historiko bat hartu eta hura testuingurutik ateratzea ohiko bihurtu da ustez historikoak diren pelikula garaikide askotan. Kontua ez da berria, baina azkenaldian joera nahiko eskandalagarri bihurtu da. Fokua zertxobait mugituta, historia duen giza alderdiari erreparatzea da helburua. Kazetaritzaren keriak, zinemak asmatuta. Errazagoa da naziak tartean badira, ongiaren eta gaizkiaren arteko aldea ez baita azpimarratu behar.
Gainerakoan, formula guztiz ezaguna da: ezintasun fisiko edo psikologiko bat gainditzeko kronika jatorra, bi pertsonaia antagonisten arteko harremana —hasieran mesfidantza, bukaeran adiskidantza—eta pertsonaia bitxiaren portaerak —kasu honetan logopeda—eraginen dituen umore ukituak. Horren guztiaren gainetik, zaindu beharreko balio ukiezinak: familia eta monarkia. Filmak eskola britainiarrak berezko dituen kalitatezko elementu hainbat izan baditu: girotzea eta, batez ere, aktoreen interpretazioa. Firth, Bonham Carter eta Rushek ederki aski bete dute beren lana, eta bereziki lehenak iaz eskapatu zitzaion saria mereziko luke.
Hala ere, hori guztia ez da aski artifizialtasunaren inpresioa uxatzeko. Zeregin jakin bat du filmak, eta horren bila joko du itsu-itsuan. Bide horretan ikusle askok segituko dute; beste askok, berriz, bazterretik ikusiko dute desfile errepikakorra.
Kritika
Oscar erregearen saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu