ARTEA. KRITIKA. ARTEA

Sentsazioen zientzia zehatza

Haizea Barcenilla
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Susan Hiller, 'What I See'

Non: Montehermoso jauregian (Gasteiz)Noiz arte: Urtarrilaren 9a arte.

Haizea Barcenilla

Hizkuntza, generoa, desioa eta heriotza dira Susan Hillerren lanaren gai ez oso xumeak», zioen Lucy Lippardek artistaren liburuari egindako sarreran. Ez zen oker: Hillerren lanak gai ugari ukitzen ditu, eta guztiak konplexuak, lokalak eta unibertsalak aldi berean. Artista kontzeptual modura definitua izan da zenbaitetan, hori baita definizioak nahitaezkotzat jotzen dituzten kritikariek hurbilen kokatu ahal dioten kartela. Izan ere, Hillerren lanak badu zabaltasuna eta koherentzia, eta horrekin batera, definizioak zailtzen dituen izaera berezia. Gauza bat argi dago, ordea: artistak baztertuta, utzita eta kontuan ez hartutakoari eskaintzen diola begirada aipagarria. «Bestea» esan izan zaion horri, alegia.

Hillerren lanak kultura eta gizarteari buruz hitz egiten du. Harentzat, artista da aldi berean gizarte baten produktu, horren ikusle eta horren eraldatzaile. Beraz, edozein gairen gaineko sinplifikazioa ezinezkoa da, kanpoko ikuspegi bat ezinezkoa den hein berean. Gure mundua ulertzeko modua hizkuntzaren bidez egina dago, hizkuntza baita gure diskurtsoa eta pentsamendua formatzen duena, eta, ondorioz, horren gaineko gogoeta da bide bakarra. Hortik artistak hizkuntzari eskaintzen dion arreta berezia.

Hizkuntzak dira, hain zuzen, The Last Silent Movie bideoaren gai nagusia. Galdu diren edo galtzear dauden hizkuntzak preseski. Urrunak egiten zaizkigun asko, k'ora, ngarrindjeri, lenape edo waima'a izen berezikoak; aldi berean, hurbil sentitzen ditugu hizkuntza minoritario bat hitz egitea zer den dakigunok. Bideoak ez ditu datuak ematen, soilik hizkuntzaren izena, eta hilzorian edo jada desagertua ote dagoen. Ondoren, soinu pasarte txiki bat dago, bere itzulpenarekin. Gehienetan, soinuaren kalitatea ez da primerakoa, grabazio zaharrez ari garela azpimarratuz. Lanak malenkonia kutsu bat badu ere, galdera ikur asko azaltzen ditu: guk entzuten dugun bitartean, bideoa ez da isila, baina, ulertzen ez badugu, benetan esan daiteke «entzuleak» garela? Zein da ahozkoaren balioa idatzizkoaren aldean? Barneratzen ote ditu historiak galdutako hitz egindako aztarna horiek? Eta, hizkuntzak pentsamendua eratzen badu, zenbat dira jada galdu zaizkigun pentsaerak?

Bestalde, heriotzaren agerpena argia egiten da lan honekin. Grabazio batzuek susmarazten digute entzuten duguna azkenetariko hizlaria zela. Hizkuntza zein ahots horiek ziurrenik ez daude munduan dagoeneko. Fantasma bihurtzen dira ilunpetik datozkigun zurrumurruak, beste espazio batetik gure arreta deitzera datozenak. Politikari buruz hitz egin gabe, politikoa da The Last Silent Movie.

Joandakoek utzitako arrasto linguistikoak dira, izan ere, Susan Hiller erakartzen duten elementu bereziak. Hau da The J. Street Project lanaren oinarria ere. Horretarako, Hillerrek Alemaniako egungo kaleen artean judutar hitza duten guztiak bildu egin ditu. 303 guztira lurralde osoan. Judutarren kaleak, kalezuloak, putzuak eta parkeak. Batzuek oso aitzinean bertan bizitako judutarren komunitate baten aztarna adierazten dute. Zenbaiten kasuan, izena berreskuratu behar izan da, guda aurretik aldatua izan zelako, eta argazkietan izen zaharra zirrimarratuta eta berria gainetik ikusten dira. Kasu guztietan, historiaren memoria erakusten dute, jada ez daudenen arrastoa markatzen duten aldi berean.

Historiaren eraikuntza kolokan jartzen duen bezala, zientziei ere arreta eskaintzen die Hillerrek lan askotan. Objektiboaren eta subjektiboaren, sistematizatuaren eta senezkoaren arteko muga mugikorrak aztertu nahi ditu. Horren adibidea da Magic Lantern, 1987ko lana, izen bereko artefaktuen antzera diapositibaz proiektatutako kolore zirkuluez eta horrekin bat doan ahotsaz osatutako emankizun magikoa. Instalazioak badu espektakuluaren aura, liluratzeko kapazitate berezi bat. Koloreen nahasketaren sistema zientifikoa izan arren, inpresioen, sentimenduen eta sentsazioen mundu subjektiboarekin jolasten du Hiller indartsu, miragarriaren esparrua irekiz.

Erakusketari izena ematen dion lanak -What I See- adierazten du parapsikologia ere, psikologia eta pertsonalitatearen arteko elkar puntua. Zenbait pertsonaren ezaugarriak erakusten ditu, gainetik haien aurak margotuta. Honela, ikusgarria denaren eta sentigarria denaren arteko espazioa adierazi nahi du artistak, zientzia serioen seriotasunari horri irribarre eginez. Munduan ez da bakarrik dakidana, ikusten dudana ere bada.

Lehenengo aldia da Susan Hillerrek banakako erakusketa egiten duela penintsulan, eta Montehermoson ikusteko ohorea izan dugu. Ingalaterran erreferente bat den emakumea, orain ia 40 urte bere artelanak eskaini dizkiguna, Gasteizen ezagutzeko aukera dugu orain, bere mundua ikusteko moduaren bitartez. Eta, zalantzarik gabe, Susan Hillerrena arreta eta gogoeta merezi duen begiratzeko modu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.