Kritika. Zinema

Ur putzu bat basamortuan

Gontzal Agote.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
'La mitad de Oscar'

Zuzendaria: Manuel Martin Cuenca. Aktorea: Rodrigo Saenz de Heredia, Veronica Echegui, Denis Eyriey. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 89 minutu.

Norabide aldaketa erabatekoa egin du Manuel Martin Cuencak bere hirugarren filmarekin, eta benetan txalogarria da La mitad de Oscar-ekin erakutsi duen ausardia. Bere estreinako filmarekin, La flaqueza del bolchevique-rekin, laudorio ugari jaso zituen. Malas temporadas-ekin, ordea, Espainiako zinema komertziala irentsia zuen enegarren zinemagilea zela zirudien.

Zorionez, industriaren menpekotasun itogarri horretatik ihes egiteko ahalegin irmo eta probetxuzkoa da lan berria. Lotura guztiak hautsita, pelikularik pertsonalena egin du Martin Cuencak. Espainia eta bere menpeko kolonietan gutxi batzuk urratu ohi duten aldapa malkartsutik abiatu da, azken urteotan hainbat ezuste atseginak eman dituen bakardadez jositako bidea: Lo mejor de mí (Roser Aguilar), Tres dies amb la família (Mar Coll), La isla interior (Felix Sabroso, Dunia Ayuso), La mujer sin piano (Javier Rebollo)...

La mitad de Oscar-ek ildo bertsuko beste pelikula inportante batekin erlazionatzen ahal da, Las horas del día (Jaime Rosales). Oscar zinpekoaren egunerokoa patxada handiz deskribatzen du filmak lehen zatian, eta errutina horretan ez dago deus apartekorik: gatzagak zaindu, erretiratu berri den lankide ohiarekin bazkaldu, hilzorian dagoen aita bistatu, noizean behin sexu grina ase... Rosalesenean bezala, detaile txikiek pertsonaiak alde iluna ezkutatzen duela iragartzen dute. Bigarren partean gatazkak eztanda egiten du, modu dosifikatuan. Zuzendariak eremutik kanpokoa eta isiluneak erabiltzen ditu ezkutuan dauden sekretuak agerian uzteko, edertasun basatia erakusten duten paisaiekin lagunduta, itsasoa eta basamortuaren arteko mugan, Europa eta Afrikaren arteko lurralde zehaztugabean.

Sekuentzia luze bat da ezinbesteko tragediaren atarikoa. Horretan, etengabeko kalakari eta isilik egon nahi duen pertsonaien artean tentsio handiko norgehiagoka sortzen da, egoera ezin bortitzagoa. Nolabait, zinema espainiarra ulertzeko bi moduak laburbiltzen ditu une horrek, kostunbrismoan iltzaturik segitzen duen bakarrizketa eta gau barnako bidaia egin nahi duen pertsonaia isil eta bakartiarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.