Zinema
'True Grit'
Zuzendariak: Joel eta Ethan Coen. Aktoreak: Jeff Bridges, Hailee Steinfeld, Matt Damon, Josh Brolin.Herrialdea: AEB.Iraupena: 110 minutu.
Ez da nolanahiko apustua 2011n western bat egitea. Are handiagoa da molde klasikoko film bat egiten bada. Zer esanik ez, remake bat bada eta generoaren ikono nagusiari, John Wayneri alegia, itzal egin nahi bazaio. Hori guztia eta beste gauza gehiago egin dute Coen anaiek True Grit-en.
Haien ibilbide oparoan argi utzi dute edozein generoren muga estuak ez direla haientzat eginak. Kontu bitxia da, oso generokoak dira hainbat film egin izan dituztelako; baina era berean jakin dute horiei ukitu pertsonala ematen. Miller's Crossing, The Man Who Wasn't There eta Burn after Reading birziklatze horren adibide batzuk dira.
Berez, True Grit ez da coendarrek egin duten lehen westerna. Horrenbeste sari ekarri zizkien No Country for Old Men ere horixe bera zen, mozorrotutako western bat. Cormac McCarthy idazlearen izpiritua ere oso presente dago oraingo honetan, Charles Portisena beharrean idazle misteriotsuari hartua baitirudi istorioak. Henry Hathawayk egin zuen filmaren aldean, hainbat aldaketa sartu dituzte. Haien esanetan, liburuari fidelagoak izan dira. Labeouf pertsonaiaren joan-etorriak, narratzailearen off-eko ahotsa eta, bereziki, pelikularen amaiera dira egin dituzten ekarpen nagusiak. Horrek guztiak ariketa polita egiteko aukera ematen du, oinarri berberaren gainean eraikitako istorioa molde diferenteetan dastatzea. Ez da konparazioen joko ergelean sartu behar, bi film dira, oso garai diferentetan eginak eta biek ala biek gauza interesgarri asko dituzte. Coendarren ukitua nabaritzen da ironian —batez ere, Cogburn sheriff-aren tratamenduan— eta bidaian zehar agertuko diren hainbat pertsonaia bitxiengan.
Klasikotasunari egindako omenaldia da filma, eta bereziki gaur egun oso gutxietsia dagoen genero bati. Hathawayk berea egin zuenean hasia zen westernaren gainbehera, eta modernitateak dena irentsi aurretik jakin zuen testamentu bikaina egiten. Antzeko zerbait egin dute coendarrek, heriotzaren gaineko kantu eder bat, ezagutu dugun zinemaren heriotzarena ziurrenik.
Kritika
Westernaren errautsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu