Kritika

Zinema japoniarraren enperadorea

Akira Kurosawaren erakusketako lanetako bat. AKIRA KUROSAWA.
Mikel Onandia Garate.
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Artea

'Samuraiaren begirada: Akira Kurosawaren marrazkiak'

Non: Bilboko Alondegia.

Noiz arte: 2011ko urtarrilaren 30era arte.

Bere jaioterrian mendebaldar lez eta mendebaldean japoniar zinemagintza nazionaleko adierazle nagusi lez ikusia izan zen Akira Kurosawa (Tokio, 1910-1998), duda barik, XX. mendeko zinemagile garrantzitsuenetakoa. Kezka intelektual, moral eta estetiko sakoneko sortzailea izaki, kualitate formal eta eduki sakoneko filmak sortu zituen; abiapuntu partikular batetik gai unibertsalak jorratu zituen, hala nola tradizioaren eta modernitatearen arteko gatazka, kultura ezberdinen arteko talkak, historiaren, identitatearen zein boterearen gaineko gogoeta filosofikoak, dena ikuspegi humanista batetik. Haren jaiotzaren 100. urteurrena ospatzen duen Kurosawa Urtea dela eta, Bilbora ekarri dituzten jatorrizko 120 storyboard-en bidez, zuzendari japoniarraren filmografian murgiltzeko abagunea dugu.

Kurosawak uste zuen adierazpide modu ezberdinak —literatura, pintura, musika eta antzerkia— batu eta konbinatzen dituen espresiobide plural, konplexu eta aberatsa dela zinemagintza, hots, zinemagintzaren funtsa komunikazio kode ezberdineko arteen barneko muntatze eta edizio prozesu-lanean gauzatzen den testu baten modukoa litzateke. Ildo horretan ulertu behar ditugu Alondegiko mostran diren bere azken sei filmen storyboard edo gidoi grafikoak —horiek 70eko hamarkadan zinema industriak ezagutu zuen krisian dute jatorria; bere proiektuak finantzatzeko zailtasunak zirela eta, film komertzialak soilik onartzen zituzten ekoizleei bere trama epiko historikoak saltzeko asmoz sortu zituen, azken emaitza zinematografikoa izango zena erakutsi guran. Ordutik, bere sorkuntza prozesuaren pauso garrantzitsu bihurtu ziren.

Kurosawak storyboard-etan filmeko eszenaratzeak eta pertsonaiak irudikatzen zituen, ahalik eta elementu gehienak zehazteko asmoz —laukiratzea eta kameraren kokapena, argiztapena, dekorazioa, tentsio dramatikoa, pertsonaien jantzitegia, mugimendu jarrera eta psikologia—. Kontzepzio zinematografiko zinez piktorikoa zuen, eta hori segituan atzematen du bisitariak, mostrak agertzen duen muntatze egokia dela eta; ikus-entzuteko instalazioek margolanak —hormetan komiki binetak balira bezala kokatuak— dagozkien filmetako pasarte hautatuen sekuentziekin alderatzea ahalbidetzen du, hasierako ideiaren eta azken emaitzaren arteko prozesua agerian utziz. Hala, ikuspegi berri batetik hurbil gaitezke, Kurosawak gauzatutako Erdi Aro japoniarrean kokatutako istorio epikoetara—Kagemusha, gerlariaren itzala (1980) eta Ran (1985)—, istorio sozial garaikide eta intimistagoetara —Rapsodia abuztuan (1991), Itxaron apur bat (1993) eta Begira dugun itsasoa (2002)—, baita Kurosawaren imajinario biografiko eta pertsonalenera ere —Akira Kurosawaren ametsak (1990)—.

Storyboard-etan Kurosawak margotzeko zuen taxuera aske eta espresionista argi asko igartzen da; horien artean hainbat kolore bizi-bizi eta indar estetiko nabarmeneko lanak ditugu. Izan ere, kultura japoniarraz gain—Hokusai present dago haren lanean—, mendebaldeko artea ondo ezagutzen zuen, eta eragin hura margolanetan ikus daiteke; postinpresionisten, sinbolisten eta surrealisten eredu formalak jarraituta —besteak beste, Van Gogh, Gauguin, Cezanne, Chagall dira erreferente nagusiak—, abangoardia historikoetako margolariek jasandako japonismoari buelta ematen dio Kurosawak.

Baina haren eraginak ez dira geratzen margogintzan soilik, egilearen imaginario bisual eta intelektualean mendebaldeko kultura klasikoa, literatura, zinema eta japoniar kultura tradizionalenaren garai edo genero desberdinetako beste sortzaile askoren lanen berrirakurketak ere—Tolstoi, Eskilo, Shakespeare, John Ford, William Harten, Noh eta Kabuki antzerkia, kasu— nahasten dira. Aldi berean, Kurosawaren lanak berak beste hainbat berrirakurketa ahalbidetu ditu, izan ere, omenaldi, aipu, adaptazio eta remake ugari ezagutu ditu. Zuzendari japoniarraren testu filmikoak izandako oihartzun zabal eta sakona erakusteko asmoz, Kurosawaren eragina jaso duten zinemako beste maisu askoren lanekin osatu eta pantaila handietan gauzatutako instalazioa ere ikus daiteke.

Ez da erraza zinemagile baten lana erakusketa areto batean sartzea. Baina, kasu honetan, zuzendariaren lan grafikoa, zinematografikoa eta interpretatiboa konbinatuta, antolatzaileek mostra zaindu eta orekatua osatu dute; aldi berean, Kurosawaren filmografiaren betiko jarraitzaileentzat mostra berritzailea dugu, orain arte ezagutu gabeko ikuspegi batetik aurkezten baitu, eta, bestetik, sortzaile nipondarraren lana askorik —edo batere— ezagutzen ez dutenentzat haren unibertsorako hurbileko abiapuntu bikaina dugu, oso bisual eta funtsaduna. Merezi du Kurosawa ezagutzea. Izan ere, ez da kasualitatez zinema japoniarraren enperadorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.