Zinema. Estreinaldiak. Kritika

Zuri-beltzean

Gontzal Agote.
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
'Black Swan'

Zuzendaria: Darren Aronofsky. Aktoreak: Natalie Portman, Mila Kunis, Vincent Casell. Herrialdea: AEB. Iraupena: 115 minutu.

Barricadak aspaldian zioen modura, Darren Aronofskyk ere dena zuri-beltzean ikusten du. Bi koloreen balio sinbolikoa baliatuta bitasun batean oinarritutako film ilun eta asaldagarria egin du, ongia eta gazikiaren arteko borroka eternala dantzaren mundura eramanez. Bat bi denean, dena bihurtzen da ispilu eta hori da Black Swan, ispilu joko txundigarria.

Zuria makulurik gabeko alderdia da, inozentzia eta, kasu askotan, ezezagunari beldurrena. Ifrentzua belztasuna da, zuzendariak gehienbat —eta beharbada, gehiegi— sexu grinarekin lotzen duen alderik zitalena. Zisnea zuri sortu da, baina beltz behar du osoko izaera bereganatu ahal izateko. Filmaren atzean dagoen mezua horixe da: gaiztakeria behar da —puntu batera sikiera— aurrera egin ahal izateko, Darwinen legeak bizi-bizirik segitzen du, hau oihana da, nahiz eta edertasunaren mozorropean ezkutatu.

Txaikovskiren Zisneen lakua istorio bera, bere eremura eta egungo garaietara ekarri du estatubatuarrak. Ez du ballet ezaguna aitzakia gisa erabili, horren gaineko berezko interpretazioa egitera ausartu da. Besteak beste, antzeko zerbait egin zuen 1993an David Cronenbergek M. Butterfly-n, antzezlan eta opera ezaguna bere eginez. Ez da kasualitatea haren aipamena, Black Swan-ek asko zor dio Cronenbergi, harentzat egina ematen du istorioa. Ez da soilik koloreen sinbologia, filmak berak oso bi parte diferenteak ditu. Lehena dantzaren ederraren gainean dago eraikia, eta erritmoa motelagoa da. Hala ere, hasieratik garbi ikusten da balletaren munduaren beste aldea: antzokiko korridore hitsek glamourrak normalean ezkutatzen duena irudikatzen dute.

Bigarren partean beltzez janzten da filma. Inflexio puntua, gau irtenaldi basatia da. Hortik aurrera, erritmo trinko eta geldiezina hartzen du istorioak, eta bukaerara arte harrapatzen du ikuslea, atsedenik eman gabe. Pena da tarte horretan beldurrezko generoarekin zerikusia duten hainbat elementu topiko samar agertzea. Ordurako filmak behar adinako tentsio maila du, eta horien beharrik ez da. Maisulanaren bila joan da Aronofsky eta gutxigatik ihes egin dio. Hala ere, edonor hunkitzeko pelikula bikaina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.