Kroaziara joan da urrezko Fipa

'Majka asfalta' filmak eskuratu du fikzioen urrezko Fipa, eta dokumentalen atalean, 'Dreaming Nicaragua'-k

FIPA jaialdiko sari banaketa ekitaldia egin zuten atzo iluntzean, Miarritzeko Midi geltokian. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Mare eta Janko senar-emazteak Zagreben bizi dira Bruno semearekin. Bikotea kolokan dago; gau batez, mozkortu, eta Mare joko du Jankok. Autoa hartu, eta etxetik badoa Mare, Brunorekin. Nora ezean, egunak saltoki handi batean iragaten dituzte. Bertan Kreso dago, saltokiko segurtasun arduraduna. Nora ezean hori ere. Elkar gurutzatuko dute. Happy end-etik urrun, Janko berriz agertu da filmean, baina Mare ez da harengana itzuliko. Horra, bi hitzez, Dalibor Matanicen Majka asfalta fikzio kroaziarraren istorioa, FIPA Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko 24. Jaialdiko epaimahaiak gustuko ukan duen filma. Fikzioen urrezko Fipa irabazteaz gain, Mare pertsonaia landu duen Marija Skariciek lortu du emakumezko aktore onenaren saria.

Beste fikzio saritua Giacomo Battiatoren L'Infiltré izan da. Zilarrezko Fipa lortu du, eta filman lan egiten duen Mehdi Dehbirentzat izan da gizonezko aktore onenaren saria. 1980ko hamarkadan Frantziako zerbitzu sekretuetako ofizial batek infiltratzen duen Abou Nidal talde palestinar armatuaz mintzo da fikzioa.

Marcelo Bukin argentinarrak Nikaraguako lau haurrei egin potreta saritu du Dokumentalen Saileko epaimahaiak. Pobrezia gorrian bizi dira, baina zailtasunen gainetik, baikor eta umoretsu ageri dira Dreaming Nicaragua-n. Sail berean, Finlandiako Visa Koiso-Kanttilaen Miehen Kuva-k eskuratu du zilarrezko Fipa. 40 urte betetzean jendeak izaten duen krisiaz egin dokumentala da, eta gizon finlandiarra ikertzen ahalegindu da egilea. Erreportajeen kategorian, berriz, Michel Daeronen Unforgotten Islands filmari eman diote urrezkoa. Chagos uharteetako biztanle errefuxiatuekin interesatu da Daeron. Gobernu ingeles eta amerikarrek deportatu zituzten handik duela 40 urte. Antonin Svobodaren #unibrennt - Bildungsprotest 2.0 erreportajeak eraman du bigarren saria. 2009an Vienako anfiteatroa okupatu zuten estudianteek eta sare sozialei esker Europan 130 unibertsitate mobilizatu ziren hezkuntza erreformaren aurka; borroka hori gogora ekartzen du lanak. Musika eta ikusgarrien atalean, berriz, John Walkeren A Drummer's Dream saritu dute, eta Pierre Barre eta Thierry Loreauten Collegium Vocale Gent-ek eraman du zilarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.