Zinema. Estreinaldiak

Kubako musika eta xarma

Fernando Trueba zuzendariak eta Javier Mariscal artistak elkarlanean egin dute 'Chico & Rita' animazioko filmaIstorioa 40ko hamarkadan girotua dago, eta Bebo Valdes omentzen du zeharka

Gontzal Agote.
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Azken urteotan Fernando Truebak nahiko utzia izan du zinema, edo behintzat bere fikziozko alderdia. Mende berria hasi zenetik, genero horretako bi film soilik egin ditu: El embrujo de Shanghai (2002) eta El baile de la Victoria (2009). Beste pasio batek lapurtu dio denbora urte hauetan guztietan: musikak, doinua latinoek, bereziki jazzak.

Horren lekuko da gaiaren inguruan egin dituen bi dokumentalak: Calle 54 (2000) eta El milagro de Candeal (2004). Lehena jazz latinoko musikariei egindako omenaldi sentitua izan zen, eta berau egiteko New Yorkeko izen bereko klubean bildu zituen Michel Camilo, Tito Puente, Gato Barbieri... Bigarrenak, berriz, Carlinhos Brown eta Bebo Valdes ditu protagonista, eta Salvadorko Candeal favelan egiten ari den gizarte lana du kontagai.

Baina zuzendari espainiarrak musika latinoarekiko duen pasioa ez da horretara mugatzen. Calle 54 kluba izan zuen Madrilen —gaur egun itxita dago—, eta, horrez gain, diskoetxe bat atera zuen aurrera, bere gustuko musikarien gauza bereziak egiteko. Dudarik gabe, hortik atera den lanik arrakastatsuena Bebo Valdes kubatarrak eta Diego El Cigala espainiarrak elkarrekin egin zuten Lágrimas negras diskoa izan zen.

Orain dela sei urte Fernando Truebaren bidea Javier Mariscalenarekin elkartu zen. Biak ari ziren Compay Segundoren bideoklip baterako lanean, eta artista katalanak Negra Tomasaren marrazki sorta bat egin zuen. Orduan, Truebak argia ikusi, eta Mariscali animazio film bat egitea proposatu zion. Hor hasi zen bien arteko maitasun istorioa, eta horren emaitza Chico & Rita filma da.

Jazz latinoaren sorrera

Bésame mucho bolero ezaguna da filmaren abiapuntua eta helmuga, azken finean, Truebak eta Mariscalek azken aldiaren inguruko istorio bat egin nahi izan dutelako. 40ko hamarkadako Habanan, Chicok eta Ritak maitasun harreman sutsu bat hasiko dute. Chico jazzarekin maiteminduta dagoen pianista da, eta Ritak kantari famatua izan nahi du. Ezagutu eta banandu, hortik aurrera patuak elkartu eta bereiziko ditu, bolero baten pertsonaien gisara.

Argi dagoenez, Chico & Rita-k kontatzen duena amodio istorio klasikoa da. Ez da hori pelikulak duen amu nagusia, erakargarritasuna beste nonbaiten bilatu behar da: Mariscalek eta Truebak sortu duten estetikan. Artista arduratu zen marrazkiak, pertsonaiak eta inguruneak egiteaz. Horretarako, oso erreferentzia argiak izan ditu Cobiren sortzaileak: garaiko argazki liburuetan oinarritu da 40ko hamarkadako Kuba girotzeko. Zeregin horretan jazz musika oso lagungarria egin zitzaion.

Hortik aurrera, pertsonaiak sortzeari ekin zion. Hasiera batean, maitasun afera bi gizonezkoren artean izatea nahi zuen Mariscalek, baina Truebak istorio klasikoago bat zuen gogoan; gizonezko eta emakumezko baten artekoa alegia. Artistak argi zuen Ritak sentsualitate handikoa behar zuela izan, eta, horrez gain, kubatarrek duten bizipoza eta mugitzeko era berezia jaso behar zuela.

Fernando Truebarena izan da lan zinematografikoa. Mariscalek egindako marrazkien gainean, planoak eta kamera mugimenduak egin ditu. Animazioaren munduan sekula sartu gabea zen Trueba, eta, horregatik, Tono Errando zuzendariari laguntza eskatu zion. Gidoia, berriz, Ignacio Martinez Pison idazlearekin elkarlanean idatzi zuen zuzendariak.

Zeharka bada ere, Chico & Rita Bebo Valdesi egindako omenaldia da. Kubatarrak 92 urte beteak ditu, baina lanean segitzen du. Eta Chico piano jotzaileak filmean jotzen dituen abestiak Valdesek jo ditu. Valdesek oso ongi ezagutu zuen 40ko hamarkadako Kuba hori, orduan hasi zen mamitzen jazz latinoaren sorrera; hortaz, ez da arraroa protagonistarekin lotura handia izatea.

'CHICO & RITA'

Zuzendariak: Fernando Trueba, Javier Mariscal, Tono Errando.

Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2010.

Iraupena: 94 minutu.

Estreinaldia: 94 minutu. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.