Hamargarren urteurrena du Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturguneak. Eta, urteurrenaren harira, kultur artikulazioari buruzko nazio jardunaldi bat antolatu dute Azpeitiko Sanagustin kulturguneak 10 urte herri batzordeak eta Jakin fundazioak; 9:30ean hasi da. Hitzaldi eta jarduera askotarikoak izan ditu egitarauak, eta Euskal Herriko hainbat elkarte eta dinamika batu dira egitasmora. Kultur artikulazioaren gaia izan jardunaldiaren ardatza, eta kultur artikulazio hori nondik, zertarako eta nola egituratzen den xehatu dute askotariko egoera soziolinguistikotik eta diziplinetatik. Hortik jardunaldiaren izena: Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola.
Kulturaren artikulazioarekin batera, hari lotutako testuinguru soziolinguistikoan eta soziopolitikoan ere jarri dute arreta, jardunaldiaren antolatzaileen esanetan, harremana baitute ezinbestean. Horregatik, Euskal Herriko eredu eta ibilbide askotarikoak izan dituzte aztergai, testuinguru eta errealitate horiek guztiak «lekuan-lekuan eraikitzen direlako». Azpeitian girotzen dena da eredu horietako bat, antolatzaileen hitzetan, «herri baten markoan dauden eragileen baturatik datorrena».
Hala ere, badira beste ardatz batzuetan artikulatzen diharduten adibideak ere, eta horietako esperientzia ugari ezagutzeko eta horien inguruan gehiago jakiteko aukera eskaini du jardunaldiak. Hala, Azpeitiko (Gipuzkoa) Uztarria koordinakundearen eta Kultur Mahaiaren sorreraz eta ibilbideaz mintzatu da Enekoitz Esnaola; Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzoki itxi berriaren ondotik, euskalgintzan oinarritutako proiektu berrian zer urrats egin dituzten azaldu du Ihintza Orbegozok; Baiona-Angelu-Miarritze eremuko euskara sarean jendea elkartu izana botere publikoetatik egindako kanpainak baino eraginkorragoa izan dela nabarmendu du Eneko Gorri Miarritzeko udaleko (Lapurdi) euskara teknikariak; Bertsozale Elkartearen ereduak dituen erronkak aletu ditu zuzendaritza taldeko Miren Artetxek; eta Ihitz Iriartek azaldu du nola erabili dituzten Aloizeko (Zuberoa) pastoralak eta maskaradak Iruñeko euskaldunak batzeko.
Lekukotzak baino lehen, kultura artikulazioaren inguruko testuingurua eskaini dute Harkaitz Zubiri soziologoak eta Maialen Akizu bertsolariak. Kulturaren paradigma aldaketaz mintzatu da Zubiri: Modernitatearen aurretik kulturak "helburu soziala" zuela azaldu du, baina, ondoren, pisu handiago hartzen joan dira "merkatua eta artisten ospe gogoa", haren arabera. Metaforara jo du, berriz, Akizuk: Femurra, haragia eta protesia izeneko hitzaldian, hiru elementu horietatik abiatuta azaldu du zer izan behar duen kultur artikulazioak: hurrenez hurren, instituzioen, militantzia eta balioen eta kultur politiken arteko uztarketa, hain zuzen.