Jardunaldia

Kultur artikulazioari buruzko nazio jardunaldi bat egingo dute Azpeitian, maiatzaren 28an

Sanagustin kulturguneak 10 urte herri batzordeak eta Jakin fundazioak antolatu dute jardunaldia, eta izena eman daiteke dagoeneko

Azpeitiko Sanagustin kultugunearen irudi bat, barrutik. KULTURAZ
2021eko maiatzaren 5a
14:57
Entzun

Hamargarren urteurrena du Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturguneak. Eta, urteurrenaren harira, kultur artikulazioari buruzko nazio jardunaldi bat antolatu dute Azpeitiko Sanagustin kulturguneak 10 urte herri batzordeak eta Jakin fundazioak: maiatzaren 28an izango da, 9:30ean. Hitzaldi eta jarduera askotarikoak egingo dituzte, eta Euskal Herriko hainbat elkarte eta dinamika batu dira dagoeneko egitasmora. Kultur artikulazioaren gaia izango da jardunaldiaren ardatza, eta kultur artikulazio hori nondik, zertarako eta nola egituratzen den xehatuko dute. Hortik jardunaldiaren izena: Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola.

Kulturaren artikulazioarekin batera, hari lotutako testuinguru soziolinguistikoan eta soziopolitikoan ere jarriko dute arreta, jardunaldiaren antolatzaileen esanetan, harremana baitute ezinbestean. Horregatik, Euskal Herriko eredu eta ibilbide askotarikoak izango dituzte aztergai, testuinguru eta errealitate horiek guztiak «lekuan-lekuan eraikitzen direlako». Azpeitian girotzen dena da eredu horietako bat, antolatzaileen hitzetan, «herri baten markoan dauden eragileen baturatik datorrena».

Hala ere, badira beste ardatz batzuetan artikulatzen diharduten adibideak ere, eta horietako esperientzia ugari ezagutzeko eta horien inguruan gehiago jakiteko aukera eskainiko du jardunaldiak. Hala, Azpeitiko testuinguruaz eta adibideez gain, «Durangoko Plateruena kafe antzokiaren inguruan, Baiona-Angelu-Biarritz eremuko euskara sarearen inguruan, Bertsozale Elkartearen ereduaren inguruan eta Aloze (Zuberoa)-Iruñeko sortzailetza komunitarioko egitasmoaren inguruan» hausnartzeko parada izango da.

Adituak ere bai

Jardunaldiaren harira zabaldutako kartelean ageri dira topaketa berezian parte hartuko duten aditu guztiak. Lorea Agirre Jakin fundazioko zuzendariak egingo du jardunaldiaren sarrera, eta haren hitzartzearen ondoren mintzatuko dira gainerako zazpi gonbidatuak: Harkaitz Zubiri –Kultura artikulatu, hobeto bizitzeko–, Maialen Akizu –Femurra, haragia eta protesia–, Enekoitz Esnaola –Azpeitiko kultur komunitate artikulatua–, Ihintza Orbegozo –Durangoko herri dinamika: Plateruena ta gero zer?–, Eneko Gorri –Euskararen sarea ehunduz, Baiona-Angelu-Biarritz hiri eremuan–, Miren Artetxe –Bertsozale Elkartea: aniztasuna artikulatzen– eta Ihitz Iriart –Komunitatea, kultura eta euskara uztartuz, Alozetik Iruñera–.

Zabalik dago izen ematea –[email protected]-era idatzi behar da–, eta hilaren 20an itxiko dute epea. Doakoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.