Kultur azpiegitura berriak ez direla eginkizun nagusia dio Urgellen sailak

Tabakalera eta Artxibo Historikoaren proiektuak azpimarratu ditu aurrekontuetan, baina iaz baino diru gutxiago izango dute

Alberto Barandiaran.
2009ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Euskadiko Artxibo Historiko Nazionalaren Bilboko egoitza hastea eta Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko (Tabakalera) instalazio eta ekipamenduetarako inbertsioak izango dira azpiegituren alorrean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak datorren urterako egingo dituen inbertsiorik garrantzitsuenetakoak. Azpiegiturarena ez da, hala ere, Blanca Urgellen sailaren lehentasuna izango.

Honela dio, atzo Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen aurrekontuaren proiektuak: «Gureganatu ditugun eta planteatzen ari garen konpromisoak zalantzan jarri gabe, orain bertan esku artean dugun eginkizun garrantzitsuena ez da kultura azpiegitura berriak (museoak, liburutegia, kultura guneak) eraikitzea eta gauzatzea, baizik eta erakunde eta eragile publikoen artean koordinazioa, gogoeta eta komunikazio lana areagotzea, jada ditugun azpiegiturak baliagarri, eraginkor eta errentagarri izan daitezen».

Berez, Tabakalerak 595.000 euroko inbertsioa izango du aurten, iaz baino 125.000 euro gutxiago, eta Euskadiko Artxibo Nazionalerako bost milioi euroko aurrekontua proposatu du sailak. Iaz baino milioi bat euro gutxiago alegia. Euskal Herriko Historiaren Museo Nazionalaren proiektua, ordea, diru sailik gabe geratuko da aurten. Iaz 200.000 euroko diru laguntza zegoen.

«Ahalegin handiko» diruak

«Ez dira nahi genituzkeen aurrekontuak», esan zuen Urgellek atzo Legebiltzarrean, «baina bai egin daitezkeenak». Krisi giroan egonda ere, Patxi Lopezen gobernuak kulturaren alde egindako «ahalegina» goraipatu zuen Kultura sailburuak, aurrekontua iaz baino %3 gutxiago izan arren. «Jaurlaritza honek ahalegin handia egin du Kultura Sailean, inbertsio estrategikotzat jotzen duelako, ez luxuzko baliabidetzat», esan zuen.

Kultura «pertsonak motibatzeko indar dinamizatzailea» dela esan zuen, eta diru kopuru berarekin aurrekontua hobeto kudea zitekeela. «Kultura herritar gehienengana hurbiltzeko ahalegina egin behar dugu», gaineratu zuen. Halaber, gainontzeko diru sailak gehiago jaitsi direla gogoratu zuen. Diru saila, oro har, 296 milioi eurokoa da. Erdia baino gehiago EITBrentzat izango da

Aurten «egin zitekeena» egin baldin badu, datozen urteetarako bi ardatz iradoki zituen sailburuak. Diru laguntzen politika osoa berrikusiko da, eta Administrazioaren betekizuna, oro har, zein izango den zehazteko gogoeta egingo da. Aztarna bat: herritarrek, udalek edo komunikabideek jasotzen dituzten diru laguntzak, esaterako, bere horretan utziko dituzte, baina izendun diru laguntzak, aldiz, jaitsi egingo dira. Alde horretatik, dirua beste era batera kudeatzeko asmoaz hitz egin zuen Urgellek, baina ardatz berriak zein izango diren zehaztu gabe.

«Berrikuntzarik gabeko aurrekontuak»direla onartuta ere, Urgell kritiko agertu zen, aipatu gabe, Bizkaiko Aldundia Urdaibain bultzatzen ari den Guggenheim proiekturekin, eta gisa horretako beste azpiegitura handiekin. «Krisi garaian ez dago beti iraunkortasun ekonomikoa ziurtatzerik». Bilboko Guggenheimerako aurtengo diru saila ere iazkoa baino txikiagoa izango da.

Urgell sailburuak behin baino gehiago azpimarratu duen Sorkuntza Lantegietarako Lokalak, ordea, 1.100.000 euroko aurrekontua izango du aurten. Sail sortu berria da, sorkuntza sareari emandako diru laguntzen barruan kokatu dutena. Helburua da «sormena katalizatuko duten ezinbesteko egitura eta guneak» sortzea.

Donostia kultur hiriburua

Diru sail berrien artean, halaber, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutza izeneko sailari dagozkion 456.700 euroak dira azpimarratzekoak. Iaz ez zen horretarako diru sailik izan. Donostia lehian dago beste hamaika hiribururekin urte horretarako hautatua izateko.

Kontuan hartzeko beste irizpide bat: Kulturaren Euskal Planaren moteltzea. Sartu berritan, Miren Azkarateren sailak egindako hainbat kontrataziori buruz susmoak zabaldu zituen Blanca Urgellen kabineteak, eta azken erabakiak arretaz aztertu nahi zituztela esan zuen. Atzoko agerraldian, Kulturaren Planaren oinarrietako batzuk berretsi zituen; esaterako, kultur industriaren ikuspegia zabaldu beharra, baina «orain arte prozesuak izan dituen lorpen eta gabeziak aztertzen» jarraituko dutela irakur daiteke proiektuaren testu idatzian. Alegia, oraingoz ez dagoela berebiziko bultzada emateko asmorik.

Etxepare Instituturako milioi bat euro pasatxo aurreikusita dago, eta zuzendaria izendatzeko aurten lehen pausoak emango direla iragarri zuen sailburuak.Kulturaren Atari Interaktiboa bultzatuko dute, eta Kulturaren Euskal Behatokiaren orain arteko jarduna ere aztertzeko asmoa dago. Bestalde, ehun mila euroko diru saila dago gaztelaniaz argitaratutako liburuentzat .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.