Etxepare Euskal Institutuak Katalunian jarri ditu lehen haziak. Euskal Herritik kanpo bere burua aurkeztu du lehenengoz, baita bere asmo eta ideiak ere. Lehen aleak, ordea, ez ditu bakarrik erein. Katalunia eta Euskal Herriko hainbat eragile kulturalen ahotsek bat egin dute Bartzelonan, ideien zaparradak uzta oparoa emango duen esperantzarekin. Proposamenak eta ideiak elkarrekin partekatzeaz gain, Hostoak ikuskizuna ere eraman dute «aurkezpen txartel gisa», bide batez «Etxepare ekintzen bidez zer den erakusteko».
«Ideia ereitea da». Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariaren hitzak dira, institutuaren lehen ekimenean. Eta ez da kasualitatea Etxeparek lehenik Katalunia aukeratu izana mundura zabaltzeko. Goenagaren arabera, «sinpatia, gertutasuna eta elkarrekiko ulermena ditugu, antzeko errealitateak ditugulako. Errealitateaz gain, zenbait lan konpartitu ditzakegu, baita helburuak ere». Elkarlanaren inguruan jarduteko elkartu ziren hamabost bat lagun asteazken arratsaldean, L'Auditori aretoan; artista eta sortzaileak, hainbat enpresako kideak, eta beste hainbat erakundetako ordezkariak zeuden tartean. Metafora batez azaldu zuen Fernando Bernues zinema eta antzerki zuzendariak foroaren funtsa: «Guateke txiki bat bezalakoa da, elkar ezagutu dezakegu, eta elkar dantzara gonbidatu».
Xavier Grasset kazetaria moderatzaile lanetan zela, kulturaren inguruko hainbat arlo izan zituzten hizpide, baita bi lurraldeen artean dauden harremanak ere. Baina, ba al dute Euskal Herriko eta Kataluniako lagunek batzuek besteen kulturaren berri? «Ez dugu elkar ezagutzen». Hala entzun zen parte-hartzaileen artean. Zergatik? «Agian elkar gutxi ezagutzen dugu ziur gaudelako gertu egonda ezagutzen dugula elkar, eta ez dugu ahalegina egiten kulturalki ezagutzeko», zioen Jordi Freixes musika ekoizle eta managerrak. L'Auditoriko zuzendari Josep Maria Dutrenek, berriz, interes falta egotzi zion ezjakintasun horri: «Bestearengandik nahi dugun ideia egiten dugu, interesa duenak egiten du ahalegina, nahi ez duenak ez». Juan Mari Arzak eta Ferran Adria sukaldariek izandako elkarrizketa bat izan zuen gogoan Pepe Zapata Mercat de les Flors antzokiko komunikazio zuzendariak. «Ezinezkoa da kanpoan ezagutzera ematea, ez bada aurretik barrukoa ezagutzen».
Hala ere, hizlari guztiak bat etorri ziren Euskal Herria eta Kataluniaren arteko elkarlanak emaitza onak izan ditzakeela, horrek artista zein enpresentzat dituen onurak kontuan hartuta. Jon Maia dantzariaren ustetan,«aberastasuna aldebikoa litzateke. Artistarentzat garrantzitsua litzateke merkatu berri bat irekitzeko, baita formazio aldetik ere. Erakusketa tokietatik abiatuta, sorkuntzan, elkarlanean eta abarretan egon daiteke jarioa». Aitor Arruti Euskal Etxeko ordezkaria ere iritzi berekoa zen: «Indarrak batzen saiatu behar dugu, kolaboratzen, bat gehi bat hiru izan dadin».
Elkarlanaren beharraz ados agertu ziren, baina nola jokatu mundura zabaltzeko? Hainbat bide aipatu zituzten; hala nola, promozioa, koprodukzioa eta erakundeen ezinbesteko bultzada. Kulturaren inguruan biltzen diren eragileen arteko ezberdintasunak azaleratzeko balio izan zuen gaiak, norberak bere ikuspuntutik hitz egin baitzuen. Cruz Gorostegi Syntorama musika konpainiako ekoizlea promozioaren alde mintzatu zen: «Inbertitzea da lan egiteko modua, eta nik proiektuak ondo aukeratuko nituzke, urtean proiektu bat edo bi, benetan interesa dutenak». Gorka Benitez musikariak, ordea, aintzat hartzen ez dituztenen aldean ikusten du bere burua. «Irizpide falta handia dago. Artistak sortu egiten du, baina bere lana baloratzen dakien jende kritikoa behar du. Gauza bat kultura da, eta bestea industria. Kultura ikerkuntza bezala da, inork ez du horretan inbertitzen».
Koprodukzioari dagokionean, «bi kulturen arteko lehorreratze baten» alde agertu zen Ana Pimenta, antzerki munduko aktore, zuzendari eta ekoizlea. «Koprodukzio posibleen inguruan informazioa eman eta jaso, proiektuak aurkeztu, eta elkarlanerako sozioak bilatu beharko genituzke». Kostuak merketzeko aurrekontuak gehitzea proposatu zuen, beti ere erakundeen laguntza izanda.
Erakundeei kritika
Instituzioen jarrera, ordea, «kezkagarria» da, Bernues zuzendariaren eta beste zenbaiten arabera. «Sorkuntza arloan ez dago ekoizpen esparru publikorik. Inflexio puntu bat litzateke euskal dramaturgia berria; existitzen da, baina sakabanatuta eta baztertuta dago». Politikariek arlo profesionaletik gauzek nola funtzionatzen duten jakin beharko luketela ere azpimarratu zuten, eta garrantzitsuena: erakunde publikoen inplikatzea. «Parte hartzeko deia egingo nieke, moralki lehenengo, eta ekonomikoki gero, dena ekimen pribatuaren esku uzten ari garelako», adierazi zuen Marta Monfortek, Gasteizko Principal antzokiko zuzendariak. «Ondoren espazio publikoetatik pauso asko eman beharko lirateke, formazioan eta sorkuntzan».
Euskal Herriko egoeraren aldean, Katalunia «pauso batzuk aurrerago» doala nabarmendu zuten gehienek. Oinarrietara jo zuten. Igor Otxoa Oreka TX taldeko txalapartariaren arabera, «Euskal Herrian behintzat kulturaren katebegi guztiak ez daude ziurtatuta. Hutsune handia izan dugu urteetan eskola mailan egin den lanarekin, baita formazioari dagokionean ere. Eta hori nabari da». Formazio eszenikoaren eskolarik ez izatean, askok atzerrira joan beharra dute euren ikasketak burutzera. Entzuleen artean zegoen Eneritz ondarrutarraren kasua da. «Bartzelonara etorri naiz dantzari bezala heztera, Euskal Herrian gabezia baitago arlo horretan». Horrez gain, erakundeen inplikazio ezak eta formazioan dagoen hutsuneak «Kukutza gaztetxea bezalako zentro kulturalak sortzea behartzen du», haren ustetan.
Katalana eta euskara
Hizkuntza ere izan zuten hizpide, ekoitzitakoa nola zabaldu aztertzerakoan. Jordi Gonzalezek, Focus taldeko Arte eta Edukien zuzendari ordeak, katalanaren aldeko apustu argia egin zuen, baina sortzailearen defentsan oinarritu zuen batik bat bere diskurtsoa. «Sortzaileak defendatzea da garrantzitsuena, eta era berean eurek defenda dezatela katalana. Jatorrizko izendapen bat defendatzen ariko da horrela; hizkuntza bat baino gehiago, egiteko modu bat. Horrek bidea irekiko die beste artista batzuei euren burua hizkuntza horretan adierazteko. Sortzailea munduan jartzen badugu, gure kultura ere munduan izango da».
Gonzalezen hitzei erantzunez, Ana Pimentak bi lurraldeetan dagoen errealitatea bereizi zuen arlo horretan. Haren arabera, Katalunian lortu dute katalanezko obrekin antzokiak betetzea; Euskal Herrian, ordea, egoera bestelakoa da: «Euskarazko antzerkia beherantz doa. Obra berean euskaraz 30 lagun joan daitezke, eta 150 gaztelaniaz. Nire ustez euskalduna Euskal Herrian egiten den guztia da, euskaraz edo gaztelaniaz izan». Pimentaren iritziz, «hizkuntza ez da euskaldun gisa defendatu beharko genukeen gauza bakarra».
Bi ordu inguruko hizketaldiaren ondoren, gustura geratu zen Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendaria. Hizlariek proposatutako ideiak banan-banan apuntatzen jardun zuen. «Ordaindu ezinezko ekarpena jaso dugu, espero nuena baino askoz handiagoa. Orain lanean jarri behar dugu». Izango dute laguntza horretarako. Izan dute jada, Euskal Etxearen egitasmoei esker. «Euskal Etxeak EH Sona jaialdiaren eta bestelakoen bitartez erein duen lan horrekin bat egiten dugu; plazera da euskal enbaxadoreekin batzea», adierazi zuen Goenagak. Kataluniako Ramon Llull Institutua ere lagun izango dute, «Etxepare katalana», baita ICIC Kataluniako Industria Kulturalen Institutua ere. Madrilen eta New Yorken izango da Etxepare datorren aurkezpenak egiten. Maria Lledo Ramon Llulleko musika arloko arduradunak jarraitu beharreko bide-orria zehaztu zuen, euren esperientziatik abiatuta: «Ondo aukeratu behar da gauzak nola aurkezten diren; funtsean erraza da, baina asimilatzen zaila zoazen lekuaren arabera».
Foroaren biharamunean, Hostoak ikuskizuna aurkeztu zuten atzo. Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai dantza taldeak lehenengoz eskaini zuten saioa Euskal Herritik kanpo. «Arte eszeniko guztiak biltzen dituenez, momentu ona da ezagutzera emateko», zioen Goenagak.
Kultura harremanak ereinez
Etxepare Euskal Institutua Katalunian aurkeztu dute. Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat kultura eragilek foro batean parte hartu dute, ideiak partekatzeko eta elkarlana bultzatzeko asmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu