Elkarbizitzaren, elkarrizketaren, aniztasunaren eta giza eskubideen errespetuaren erdigunean kokatu zuten atzo erakundeek eta agintariek kultura, Donostia 2016 Europako kultur hiriburuaren inaugurazio ofizialean. Balio horien defentsan kulturak egin dezakeen zubi lana aldarrikatu, eta Donostia horren erakusleiho izatearen garrantzia berretsi zuten Viktoria Eugenia antzokian.
Musika eta dantza izan ziren ekitaldian. Besteak beste, oholtzan izan ziren Kukai dantza taldeko Jon Maia eta Nerea Vesga, Demode Quartet musika taldea eta Clara Muñoz eta Maialen Egizabal biolontxelo jotzaileak. Pablo Berastegi 2016ko zuzendari nagusia izan zen agintariz betetako antzokian hitza hartzen aurrena. Sorpresaz betetako urtea iragarri zuen: «Indartsua eta berezia izango da». Kultur hiriburuaren leloari erreferentzia eginez, oharra ere egin zuen: «Zailena ez da elkarbizitzaren zubia eraikitzea, baizik eta hori zutik mantentzea».
Europako kultur hiriburu izendatu zutenetik egindako lanaren eskertza eta aitorpen moduan, plaka bat eta diploma bat eman zizkion Martine Reichertes Europako Batzordeko ordezkariak Eneko Goia Donostiako alkateari. Bi oroigarriak jendeari eskaini, eta Goiak gogorazi zuen ametsa zena egia bihurtu zela atzokoan. Besteen tokian jartzeko zubiak eraikitzeko beharra aldarrikatu zuen hark ere: «Kulturaren zeregin garrantzitsuenetako bat da hori, eta Donostian zubi asko dauzkagu. Guztien testigu Txillidaren, Oteizaren eta Basterretxearen lanak».
Euskal Herriak asko sufritu duela gogorarazi zuen. «Balio dezala gure adibideak Europa zaharrak gaur egun dauzkan arazoei aurre egiteko». Mikel Laboaren Izarren hautsa kantuaren hitzak errezitatuz amaitu zuen mintzaldia Goiak.
Hilabeteetan hezurmamitutako lana erakusteko unea dela nabarmendu zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. «Kultura dira, iraganaren eraikuntza bezala, gaurko ekintzak eta etorkizuneko ametsak». Kultur hiriburutza ostertz berriak zabaltzeko baliatu behar dela uste du Olanok. «Europan zer garen ezagutarazteko; aberastea ahalbidetuko diguten elkarlan politiko, kultural eta sozialak sustatzeko. Gure onena emanez. Gure ondare eta sorkuntza kulturala nazioartera zabalduz».
Bernardo Atxagaren Muskerraren bideari erreferentzia egin zion Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. «Espero dugu, hark proposatzen duen pasieraren moduan, gaur hasten den Donostia 2016k proposatzen duen bidea ere atsegina izatea, patxadatsua, euskal kultura, herriaren nortasuna eta sorkuntza oinarri dituena, eta aldi berean nazioarteari zabalik dagoena». Sortzaileen lana eskertu zuen Urkulluk: «Idazten, abesten, konposatzen, dantzatzen, margotzen, grabatzen eta moldeatzen dutenena. Izan ere, kultura ezagutza da, elkarbizitza, emozioa eta eraldatzeko gaitasuna. Kultura pertsona, gizarte eta herri moduan garenaren eta izan nahi dugunaren adierazle da». Zubiak eraikitzeko beharra izan zuen hark ere hizpide. «Ez dugu harresiz eta hesiz osatutako Europa bat nahi. Kultura zubigintza da, eta denak gara zubigile. Horretan aktibo izan behar dugu».
Donostia 2016
Kulturaren "zubigintza balioa" aldarrikatu dute erakunde eta agintariek
Kultur ekoizle eta sortzaileen jarduna eskertu du Urkullu lehendakariak. Ostertz berriak zabaltzeko aukera gisa ikusten du hiriburutza Olanok. (Bideoa: Lara Madinabeitia / BerriaTB) [youtube]https://youtu.be/E0q7W5qQOuE[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu