31 neurri, eta babes neurriak gehien-gehienak. Kulturgintzaren egoera larria dela iritzita, horri aurre egiteko premiazko neurrien egitasmoa aurkeztu du Guk gEUre Kulturaz plataformak (Geuk). 300 herritarren baino gehiagoren ekarpenak bilduta osatu dute proposamen sorta, eta gaur aurkeztu dute, Bilboko Kafe Antzokian. “Hau ez da ezeren aurkako aldarri bat, baizik eta gure ekarpena eta gure jarrera adierazten duen dokumentu bat. Gu prest gaude honetan guztian ardurak hartzeko, eta prest gaude ekarpenak egin eta gure esperientziaren beri emateko, era eraikitzaile batean. Guztion artean egin behar dugu aurrera, eta guztiok diogunean erakunde publikoak ere barne hartzen ditugu”. Gizarte osoari egin diote kulturgintzaren norakoan eztabaidatzeko gonbita, baina aipamen zehatza ere egin dute. Etzi bilduko den Kulturaren Euskal Kontseiluari helaraziko diote testua.
“Horixe falta zaio kulturgintzari: babesa”. Plataformako kideek kezka nagusi hori bildu dute, eta, horregatik, babes beharra da beren testuan gehien errepikatzen den ideia ere. Artikulazioa eta ikusgarritasuna bultzatzeko proposamenak ere badaude, baina babesa da neurri gehienen izenburuan ageri dena. Babes ekonomikorako proposamenak, babes juridikorakoak, ekoizpen eta zerbitzuentzako babeserakoak eta sorkuntza babestekoak. Oso proposamen zehatzak dira batzuk, eta eztabaidara irekita daudenak besteak. Horregatik bidaliko diote proposamena Kulturaren Euskal Kontseiluari. Baina ez hari bakarrik. Azaldu dutenez, Gasteizko Legebiltzarrari, aldundiei, Nafarroako Gobernuari, alderdi politikoei eta kulturgintzarekin lotura duten beste erakunde eta elkarteei ere helaraziko diete beren neurri proposamena.
“Parte hartu nahi dugu”
Parte hartzeko aukera zabaltzea da funtsean plataformak egiten duen proposamena. Gotzon Barandiaran idazle eta Ahotseneko kideak egin du laburpena: “Guk nahi dugu parte hartu kultur politikan eta baita kulturarako estrategikoa zer den erabakitzen den foroetan ere. Eta nahi ditugu foro zabalak, guztiok parte har dezagun”. Plataformako hainbat kide izan dira Barandiaranekin batera aurkezpen ekitaldian. Aitor Narbaiza (Kap), Gabriel Ocina (Euskal Aktoreen Batasuna), Olatz Allika (Musikaren Industriaren Elkartea), Ixiar Garcia (sortzailea), Rosa Parma (sortzailea), Matxalen de Pedro (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea) eta Mikel Toral (Kultura Abierta).
Iazko otsailean egin zuen lehen bilkura plataformak, Durangon, eta ekainean egin zuten bigarrena. Sortzailearengandik hartzailearenganaino doan soka osoa hartu nahi izan zuten kontuan, eta 300 pertsona baino gehiago bildu zituzten, guztira, bi saio haietan. Sortzaile, kazetari, kudeatzaile, kontsumitzaile eta profesional. Agenda itxirik gabe egin zuten bilkura. Bertaratzen zen jendeak proposatzen zuen eztabaidarako gaia, eta bilkurak itxura hartu ahala joan zen gaitegia ere itxura hartzen. Eta ideia erauntsi hura proposamen bilakatzea izan da orain Geuk plataformakoen lana. Bi astean behin egin dituzte bilkurak horretarako. Orain aurkeztu duten 31 proposameneko testua da prozesu horren emaitza.
BABES JURIDIKOA
- Herri guztietan, bertako kultur eragileez osatutako Kulturbilguneak sortzeko aukera legala sortzea.
- Legez, bertoko hedabideek bertoko kulturaren berri zabaltzeko kuotak bete behar izatea. Kuota horiek guztion artean adostea.
- Legez, bertoko programazioan bertoko kulturaren berri zabaltzeko kuotak bete behar izatea. Kuota horiek guztion artean adostea.
- Sortzailearen estatutua sortzea bere eskubideak babesteko eta kontratazioak erregulatzeko.
- Sortzaileentzako aproposak diren epigrafe berriak sortzea jarduera ekonomikoak erregulatzeko. Lanbide artistikoaren aktibitate anitzak kontuan hartzen dituen epígrafe malguagoa izan beharko litzateke.
- Kultura herritar ororen eskura egongo dela bermatuko den legea onartzea.
BABES EKONOMIKOA
- Gizarte segurantzan erregimen berezia sortzea.
- %21eko BEZ zergak dakarkigun gehiegizko gastuari aurre egin ahal izateko, hobariak ezartzea, beherapen batzuekin konpentsatzea.
- Kultur kutxa proiektua abiaraztea.
- Aurrekontu eta kultur politiken diseinuan ardura partekatutik abiatutako elkarlanak praktikan jartzea.
- Gutxienez, aurrekontu orokorren %1a sorkuntza eta programazioari egokitzea.
- Kultur proiektuetan inbertsioa egiteko fondoa sortzea.
- Kontratazio-sustapenak adostea.
- Lanbiderekin hitzarmena: Kultur eragileentzako programak diseinatzeko, eta formakuntza berezi nahiz kudeaketa administratiboaren inguruan trantsizio profesionalak laguntzeko.
SORKUNTZAREN BABESA
- Hezkuntzan sormena ahalbidetzen duten baldintzak eta esperientziak sustatzea.
- Hezkuntza garaikidea lantzen duten eragile eta ekimenen kartografia egitea.
- Kulturaren transmisioa bermatzea: Euskal Herrian egin den eta egiten den sorkuntza eta kultura eskola curriculum-ean era praktiko eta partehartzaileago batean txertatzea bertoko profesionalen laguntzaz.
- Sortzaile, kultur eragile, ikuslego eta hezitzaileentzat formakuntza espezializatua eskaintzea.
- Herri eta hirietan Hezkuntza Mailak sustatzea (tokian tokiko egoerak curriculumean txertatzeko).
- Enplegurako plana sortzea.
EKOIZPEN ETA ZERBITZUEN BABESA
- Euskal Herriko azpiegituren kudeaketa eta erabilera sortzailea proposatzea. Horretarako azpiegiturak eta beharrak mapeatzea.
- Kudeaketa publikoan eragile profesionalen ardura eta parte hartze iraunkorra bermatzea.
- Kultur-klik zerbitzua zabaldu eta hobetzea.
ARTIKULAZIOA
- Guk gEUre Kulturaz bilgunearen sorkuntza eta garapenerako baldintza iraunkorrak landu eta lortzea. Sortzaile, herri mugimenduko eragile, eragile publiko, eragile profesional, komunikabideak, hezkuntza arautu zein ez arautuko eragileak eta herritarrek osatutako elkargunea sortzea.
- GEUK-ekin koordinatuta, Euskarazko Kultura elkartea sortu .
- GEUK-ekin koordinatuta, saretzeko beste plataforma batzuk: Arloz arloko klusterrak sortzea
IKUSGARRITASUNA
- Komunikabide publikoetan, eguneroko albistegietan bertoko kulturari eskainitako denbora gehitzea, kultur adierazpide guztien berri emanez. Euskarazko kulturari garrantzi nabarmena ematea.
- Plaza Ibiltariak egitasmoa garatzea.
- Sortzaileen katalogoa sortzea.
- Kultur-klik zerbitzua zabaldu eta hobetzea.
- Internet bidezko telebista kultur katea sortzea EITB eta entitate pribatuen laguntzaz.b