Gustura itzuli zen herenegun Istanbulera Mizgin Arslan idazle, kazetari eta zinemagilea (Mardin, Turkiaren menpeko Kurdistan, 1981), hiru astez Pasaiako Hugoenea etxean bizi eta lan egin ondoren. Bere lehen film luzea izango denaren gidoiaren idazketan «puntu kritikoan» zegoen Euskal Herrira etorri zenean, irailaren amaieran -ez atzera eta ez aurrera egin ezinik- eta, geldiune horretatik irtenda, gidoia ia-ia amaitua duela utzi du Hugoenea.
«Hemengo egonaldiak asko lagundu dit», aitortu zuen, Pasaia uztear zela. «Neure baitara sartu beharra neukan, eta honelako egonaldi baten premia nuen horretarako. Istanbulen ezinezkoa zitzaidan. Han, beste gauza batzuk jartzen zitzaizkidan beti aurretik, eta gidoia idazteak garrantzia galtzen zuen, bigarren mailako zeregina bihurtzen zen».
Euskal Idazleen Elkarteak eta Pasaiako Udalak bizpahiru astez Hugoenean bizitzeko aukera eskaintzen die mundu osoko idazleei, eta bereziki eremu urriko hizkuntzetan lan egiten dutenei, beren idazlanetan aurrera egin dezaten. Urtzi Urrutikoetxea idazle, kazetari eta Hamaika Bilbo Telebistako zuzendariaren bitartez izan zuen Arslanek Hugoenearen berri, eta egonaldia eskatu eta baliatu izanaren damurik gabe itzuli da orain etxera.
Aurretik hiru film labur zuzendu ondoren, Lost Grave (Galdutako hilobia) film luzea zuzendu nahi du orain Arslanek, eta film horretako gidoia da Hugoenean landu duena. Kutsu autobiografiko nabarmeneko filma izango da, egileak egitasmoa gauzatzea lortzen badu, Lost Grave.
Mizgin Arslanek ez zuen aita ia-ia ezagutzerik izan. PKK talde armatuko gerrillaria zen aita, eta bera neska txikia zelarik ihes egin behar izan zuen; ama ere erbestean zuenez, aitona-amonekin hazi zen. Gazte zelarik, aita bi urte lehenago hil zela jakin zuen. Gainera, etxean nahiz inguruan, gozorik gabeko hitzak entzun zituen beti aitari buruz, aitonarengandik batez ere.
Oso antzekoa da Arslanek Turkiara ia-ia idatzia eraman duen gidoiko pertsonaia nagusiaren kasua. Arslanen adin bertsuko neska da. Arslanek berak egin zuen bezala, aitari buruz gehiago jakin nahian, aitaren hilobiaren bila joko du. Bidean, aita ezagutu zuen neska batekin egingo du topo. Hark jakinaraziko dio PKKko gerrillari hura -pertsonaia nagusiaren aita- «aita baten modukoa» izan zela errefuxiatu eremuko bateko haur askorentzat.
Aitari buruz, beste iritzi bat
Bidaiak aitari buruz zuen ikuspegi ezkorra aldaraziko dio filmeko pertsonaia nagusiari. «Lehen haserre zegoen aita zenarekin, utzi egin zuelako, bizitza izorratu ziolako... Baina, haren hilobiaren bila egiten duen bidaiak ulertaraziko dio aita -benetan bere aita izaterik izan ez zuen aita hura- benetako aita baten parekoa izan zela premia handia zuten hautsitako familia askorentzat».
Hurrengo urteko martxoan filmatuko du Arslanek Lost Grave, kurduen Neuroz edo urte berriko ospakizunekin bat eginik, eta parte-hartzaileen artean Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa izatea espero du, errefuxiatu eremuetako haur kurduei «Sentitu, pentsatu, egin» esaldia irakasten. Arslanek berak ederki ikasi du hitz horiek euskaraz esaten.
Urtzi Urrutikoetxearen bitartez, Josu Martinezen Itsasoaren alaba film dokumentala ikusi eta film horretako pertsonaia nagusia ezagutzeko aukera izan du Mizgin Arslanek Euskal Herriko egonaldian, Haize Goikoetxea, Mikel Goikoetxea Txapela zenaren alaba. Paralelismo handia dago bi emakumeen historien artean. Haize Goikoetxea neska txikia zelarik geratu zen aitarik gabe, GALen atentatu baten ondorioz. Ez da kasualitatea parekotasun hori, Arslanen ustez, beste parekotasun askoren ahaidetzat hartzeko modukoa baizik. «Arlo askotan antz handiak daude kurduen eta euskaldunen arazoen artean».
Kurdistango itsasoaren alaba
Bere lehen film luzea izango denaren gidoia ia bukatuta eraman du Mizgin Arslan idazleak Pasaiako egonalditik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu