'A ANNAN VEG(EITHER WAY)'
Hafsteinn Gunnar Sigurossonek zuzenduriko film islandiar honek bi gazteren arteko laguntasun bitxia kontatzen du. Bi adiskideak inork zeharkatzen ez dituen errepideak margotzen dituzte. Komedia dramatiko bat da Sigurossonen opera prima; hori baino lehen, Skroltormar film laburragatik Columbiako Unibertsitateko Zinema Jaialdian saritua izan zen.
'EMEK TIFERET (A BEAUTIFUL VALLEY)'
Denboraren igarotzeaz hausnartu nahi izan du Hadar Friedlich israeldarrak haren lehen film luzean. Horretarako, emakume zahar baten istorioa kontatzen du, betidanik bizileku izan duen kibutzean gertatzen diren aldaketen testigu dena. Frantzia eta Israelen artean ekoitzi dute lana. Friedlichek hiru film labur egin ditu hau baino lehen: T'anit dibbur (1996), Anashim (1998), eta Shiur Moledet:Avdei Hashem (2003).
'ENDING NOTE (DEATH OF A JAPANESE SALESMAN'
Bere aitaren azken egunak filmatu ditu Mami Sunada zuzendari japoniarrak dokumental hunkigarri honetan. Horretarako, minbizia sendaezin bat diagnostikatzean aitak utzitako egunerokoan oinarritzen da. Hirokazu Kore-da zuzendariarentzat lanean ibili da orain arte Sunada, ekoizpen laguntzaile gisa Aruitemo, Aruitemo (Still Walking, 2008) filmean, eta zuzendari laguntzaile bezala Kuki ningyo (Air doll, 2009) lanean.
'HIUNG-THU (SCARS)'
Lim Woo-seong zuzendari hego korearraren bigarren lana. Senarrak beste batekin engainatzen duela eta, arazo afektiboak dituen emakume baten sentipenak ditu ardatz. 2009an filmatu zuen Woo-seongek bere lehen lana, Chaesikjuuija (Vegetarian), Sundanceko Jaialdian lehiatu zena.
'THE RIVER USED TO BE A MAN (DER FLUSS WAR EINST EIN MENSCH)'
Afrikako lurretan galduta dagoen gazte alemaniar baten istorioa kontatzen du Jan Zabeilek zuzenduriko filmak. Nazioarteko jaialdietan sari ugari irabazitakoa da Zabeil, L.H.O (2007) eta Was weib der Tropfen davo (2007) filmekin.
'SENTADOS FRENTEAL FUEGO'
Maitasun istorio bat filmatu du Alejandro Fernandez Almendras zuzendari txiletarrak, gizon baten eta gaixotasun terminal batek jotako emakume baten arteko harremana kontatuz. Fernandez Almendrasek 2009an egin zuen haren lehen filma, Huacho, Txileko familia baten egunerokotasuna kontatzen duen dokumental ukituko fikzioa.
'SILVER TONGUES'
Suntsipen joko ilun batean sartuta dagoen bikote bat da Simon Arthur estatubatuarraren lehen film luzearen protagonista. Gai hori ardatz hartuta, izen bereko film laburra egin zuen Arthurrek 2007an; urte horretan beste lan bat ere filmatu zuen, Rebel Song izenekoa.
'STILLBEN'
Sebastian Meisek zuzenduriko film austriarrak familia baten desegite prozesua deskribatzen du. Bernhard semeak egindako aurkikuntza batek ematen die hasiera arazoei: aitak arrebaren izenaz, Lydia, deitzen die harremanetan dagoen prostitutei. Meisek Prises de vues (2003), Random (2005), eta Damonen (2006)film laburrak zuzendu ditu.
'WILD BILL'
Dextor Fletcher aktore britainiarra kameren atzeko aldera pasatu da, baldintzapeko askatasuna lortu ondoren haren auzora bueltatu eta bi semeren kargu egin behar duen preso baten gorabeherak kontatzeko. Lan independente hau zuzendu aurretik, hainbat filmetan hartu du parte Fletcherrek aktore gisa, hala nola, The Elephant Man (1980), Revolution (1985),Caravaggio (1986), eta Layer Cake (2004) lanetan.