Donostiako 79. Musika Hamabostaldia

La Fura dels Bausen 'Kreazioa'-k zabalduko du bihar Hamabostaldia

Joseph Haydnen Kreazioa oinarri duen lana emango dute Kursaaleko auditoriumean La Fura dels Bausek eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak bihar eta etzi, jaialdia inauguratzeko.

Errefuxiatuen ihesaldia kontatzen du La Fura dels Bausen 'Kreazioa' lanak. MARIE GUILLOUX / MUSIKA HAMABOSTALDIA
Andoni Imaz.
2018ko abuztuaren 1a
07:04
Entzun

Unibertsoaren, bizitzaren eta gizakiaren kreazioaren historia kontatzen du 1798. urteko Haydnen oratorio ezagunak, eta, hura oinarri hartuta, errefuxiatuen inguruko kontakizun bat ondu du La Fura dels Baus konpainiak. Iazko martxoan estreinatu ondoren, Kursaleko auditoriumean emango dute bihar eta etzi. Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS), Haydn dels Baus abesbatza eta Alicia Amo (sopranoa), Gustavo Peña (tenorra) eta Thomas Tatzl (baritonoa) bakarlariak arduratuko dira musikaz.

Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak esan du Kreazioa-ren interpretazio "kanonikoa" egin dutela, "leiala, testuari bainoago, espirituari". Kaosa irudikatzen duen sarrera baten ondoren, argi leherketa batek hasiko du istorioa. Gerrako leherketetatik ihesi doazen hainbat errefuxiatu izango dira ikuskizuneko protagonistak, eta Kreazioko zazpi egunek haien ihesaldiko zazpi etapa irudikatuko dituzte. Hiru aingeru izango dituzte lagun —uraren, argiaren eta airearen espirituak—, aurrez aipatutako bakarlariak, hain zuzen.

Jose Ramon Encinarrek zuzenduko ditu orkestra eta abeslariak. La Fura dels Bausekin lan egiten duen lehen aldia da, eta azpimarratu du konpainiari ospea eman dion indar bisualaz gain, lana "dotorea" ere badela, "metafora finekin". BOSekin makina batean aritua da Encinar, eta, aurten, orkestrak Musika Hamabostaldia irekiko du aurrenekoz. Gainera, Kreazioa obrarako propio sortu duten Haydn dels Baus abesbatza ariko da haiekin.

Carlus Padrissa zuzendari artistiko lanetan aritzen da La Furan, eta Kreazioa-ren ekoizpen arduraduna da. "Opera esferikoa" da ikuskizuna haren hitzetan, publiko berria erakartzeko lan aproposa. Oro har, Padrissaren iritziz, konpainiaren ikuskizunak operara egindako lehen hurbilpena izaten dira sarri jende askorentzat.

Antzerki konpainiak Carmina Burana entzutetsua Donostiako Musika Hamabotaldian aurkeztu zuen aurrenekoz 2009an, Padrissak berak zuzendua, eta oraindik ere mundu osoan antzezten dute obra hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.