Musika Hamabostaldia

'La Traviata' opera taularatuko dute igandean eta asteartean

Verdiren jaiotzaren bigarren mendeurrenean, 'La Traviata' haren opera entzutetsua kantatuko dute Kursaaleko auditoriumean.

2013ko abuztuaren 9a
18:13
Entzun

74. Musika Hamabostaldiko emanaldi garrantzitsuenetakoa, La Traviata opera, abuztuaren 11n eta 13n taularatuko dute, 19:00etan, Kursaaleko auditoriumean. Elkarlanaren emaitza da ekoizpen hori: San Lorenzo de El Escorialgo Udako Jaialdiaren, Musika Hamabostaldiaren, Iruñeko Baluarte auditoriumaren, Oviedoko Antzokiaren eta Kordobako Antzoki Handiaren elkarlanari esker gauzatu da. Susana Gomez eszena zuzendariak 40ko hamarkadako Espainian girotu du obra; paradoxikoki, batzuek dirutza handia bildu zuten, eta beste batzuek gose eta miseria handia pasatu zuten garaian. Musika zuzendaria Pietro Rizzo italiarra izango da, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa gidatuko du.

Giusepe Verdi gogora ekarriko dute hura jaio eta 200 urtera, La Traviata ezagunarekin. Opera hori drama intimistatzat har daiteke, eta Violetta prostitutren eta Alfredo familia oneko gaztearen arteko amodio abentura irudikatzen du. Alfredoren senitartekoek ez dute ontzat emango harremana, familiaren izen ona zikinduko duelakoan. Desiree Rancatore soprano italiarrak interpretatuko du Violettaren rola, eta Jose Bros tenor katalanak Alfredorena.

Musika eta eszena zuzendariek Easo Abesbatza Mistoaren ahalegina nabarmendu dute. Izan ere, hiru bakarlarik bigarren mailako pertsonaiak antzezteaz gain, talde osoak ohiko abesbatza batek egiten ez dituen interpretazio lanak egiten ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.