Mikel Laboak 1980ko hamarkadatik aurrera abiatu zuen Lekeitioak seriea. Herri kultura eta abangoardia gurutzatzen dira musikariaren obran, eta gurutzaketa horren erdian indar berezia hartzen dute konposizio horiek. Horiek abiapuntutzat hartuta, atzean gordetzen diren hausnarketak arte garaikidearen bidez landu dituzte hainbat artistak. Artelan horiek artxiboko materialarekin nahastu dituzte Donostiako Tabakalera zentroan. Gaur aurkeztu dute hori guztia biltzen duen Komunikazio-inkomunikazio izeneko erakusketa, eta abuztuaren 29ra arte egongo da zabalik.
Erakusketak herri kulturari buruzko gogoetak proposatzen ditu, horiek era aldakor batean ikusita, eta baita hizkuntzarekiko harremanaren gaineko hausnarketak ere. Lekeitioetan ageri dira herri kultura eta abangoardia, tradizioa eta esperimentazioa, hizkuntzaren abstrakzioa, musika eta soinua, kantua eta performancea. Hori askotariko formatuetan landu dute erakusketan, arte garaikidearen bidez.
Oier Etxeberria komisarioaren hitzetan, Lekeitioak «lan tresna» bihurtu dituzte, artelan berriak ekoizteko galdera berriak sortzeko. Izan ere, zenbait artistak lan berriak egin dituzte, propio horretarako: Zbynek Baladranek, Kimia Kamvari eta Nader Koochakik, Asier Mendizabalek, Maria Salgadok eta Fran MM Cabeza de Vacak eta Amaia Urrak.
Beste artista batzuek lan historikoak ere erakutsi dituzte: Vicente Ameztoi, Joxean Artze, Francisco eta Goyaren Caprichos lanetako bat eta Jose Luiz Zumetaren Gernika, besteak beste.
Lanek Tabakalerako erakusketa aretoa eta Lau pareta gela hartzen dituzte. Sei ataletan banatu dituzte lanak, gaiaren arabera, eta Antigonak / Lekeitioak izeneko epilogo batekin itxi dute.
Erakusketa hori ikerketa prozesu zabalago baten barruan dago. Prozesu hori abian jartzeko, komisarioak lantalde bat osatu zuen Itxaro Borda, Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbiorekin. Horren lehen mugarria martxoan izan zen, Non dago Lekeitio? izeneko Hizketaldi Handia mintegia egin baitzuten Tabakaleran.
Programa publikoa ekainean hasiko da, Bordaren eta Kiko Cavalieren Musika dena eta eszena programako Orbelen intziriak izeneko saioarekin. Gero, utzailaren 7tik 10era, Ezbaikaria mintegia egingo dute, San Telmo museoarekin elkarlanean.
Gainera, udan, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean, Lekeitioak aditzeko entzunaldi publikoak egingo dituzte Tabakalerako zinema aretoan. Entzun eta gero, gonbidatu hauek hartuko dute hitza: Mohamed Bouljalek, Marie Cosnayk, Pedro G. Romerok eta Garazi Navasek.