Arantzazu Royo eta Xabier Olarra. Itzultzaileak

«Lan ezagunenen artekoa da mundu arabiarrean»

Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Elkarlanean euskaratu dute Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina, itzulpen lana jatorrizkotik abiatuta —biek baitakite arabieraz— baina beste hiru hizkuntzatako itzulpenak ere aintzat hartuta.

Nola sartu zineten Jakobian eraikina euskaratzeko abenturan?

XABIER OLARRA. Mohamed Xukriren Ogi hutsa nobela argitaratu eta gero [Arantzazu Royok euskaratu eta Igelak 2010ean kaleratua], pentsatu genuen haren segida moduan beste zerbait egitea. Aukeren artean Xukriren trilogiako bigarren liburua eta Jakobian eraikina zeuden. Arantzazuk Xukriren trilogiako bigarrena itzultzea erabaki zuen, baina nik esan nion hau ere egin beharrekoa zela. Nola ezin zien heldu biei, nik hartu nuen Jakobian eraikina-ren itzulpena egiteko asto lana. Baina Arantzazuren laguntza beharrezkoa nuen; ni baino askoz trebeagoa da arabieraz, eta, gainera, Egipton denboraldi luzea pasatakoa da.

Nola izan da itzulpen prozesua?

XABIER OLARRA. Lehen pausoan arabieratik itzuli nuen, gaztelaniarekin eta frantsesarekin konparatuz, eta pasarte zailenetan ingelesarekin ere bai; eta dena itzuli eta gero, ingelesarekin alderatu hasieratik bukaeraraino. Hortik atera zen testu bat, gero Arantzazuk findu, txukundu eta, irristada bat zegoenean, konpondu egin duena.

ARANTZAZU ROYO. Oso lagungarria izan da biok ezagutzea hizkuntza denak: bai jatorrizkoa eta bai zubi hizkuntzak. Pasarte batek nola behar zuen eztabaidatzean biok genituen erreferentziak.

Arabierazko kulturan, zer itzal du Jakobian eraikina-k?

X.O. Ikaragarria! Koranaren ondoren, 2002an, argitaratu zen urtean, Jakobian eraikina zen obrarik zabalduena mundu arabiarrean. Alaa Al Aswani aspaldi hasi zen demokraziaren aldeko aldarriak egiten, eta itzal handia izan du azken urteetako gertakarietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.