Elkarlanean hainbat telebista saio egin dituzte azkeneko urteetan BERRIA Taldeak eta Hamaika Telebistak. Horietako bat Landakoenea da, Durangoko Azokaren inguruko programa. Gaurtik astelehenera arte egingo dute saioa, 16:00etatik 17:00etara. Zuzenean BERRIAren webgunean, Hamaikaren webgunean eta Hamaikaren telebistako emisioan ikusi ahalko da. Ondotik, Interneten noiznahi ikusteko modua izango da, eta Hamaikak 20:30ean eta 22:30ean errepikatuko du telebistaz.
Azoka Telebistaren gunean egingo dute saioa, sortzaileen berritasunak plazaratzeko helburuarekin. Aurkezleak Leire Ferro eta Ane Azkue izango dira, eta BERRIAko hainbat kazetari izango dituzte lagun elkarrizketak egiteko. Gaurko saioan, adibidez, Iñigo Astizek egingo dizkio galderak John Andueza idazleari. Eta, saio berean, Berri Txarrak taldeko kideak gonbidatuko dituzte; bihar, Itxaro Borda, Alaine Agirre —Igor Susaetaren galderei erantzungo die— eta Vendetta musika taldea izango dira protagonistak; igandean, Garazi Kamio idazlea, eta Korrontzi eta Emon musika taldeak gonbidatuko dituzte; astelehenean, Juan Luis Zabalak Xabier Mendiguren Elizegi elkarrizketatuko du, eta Eskean Kristo musika taldeko kideak ere joango dira platora.
Larunbatean Badokek sakelako telefonoetarako aplikazioa aurkeztuko du (19:30), eta musika atariaren berrikuntza horretaz ere ariko dira Landakoenea-n Jon Eskisabelekin.
Hamaikak eta BERRIAk "interes orokorreko" artisten lanen berri eman nahi dute, baina fokuetatik kanpo dauden artista eta proiektu ezberdinei lekua egingo diete. Erreportajeetan, esate baterako, Lurra musika taldeaz, Bingen filmaz, MusikaZuzenean guneaz, itzulpengintzaz eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen berrikuntzez ariko dira.
Inkesta bat ere egingo dute saioan egunero, azokara joaten diren herritarren iritzia jasotzeko asmoz.
Hamaika Telebistan, Landakoenea saioaz gain, Azoka Telebistaren seinalea ikusi ahalko da ostiraletik astelehenera, 10:30etik 20:00etara.