Hirugarren urtez egingo da Literaturia euskal literaturaren plaza Zarautzen (Gipuzkoa) hainbat urtez Larrabetzun (Bizkaia) egin ondoren. Aurten Larrua izango du gai nagusia eta horren inguruan ariko dira hainbat idazle eta musikari lau egunez, Plazer hutsa lelopean.
Antolatzaileek dagoeneko aurreratu dituzte aurtengo ekitaldiaren ardatzetako batzuk: Miren Agur Meabek egingo du irekiera hitzaldia eta Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe parez pare izango dira euren jardunari buruzko solasean, Goizalde Landabasok gidatuta. Harkaitz Canok Anne Sexton-en poematan oinarrituriko Ene maite kuttunak ekitaldia aurkeztuko du, Iban Urizar (Amorante) musikaria eta Ainara Gurrutxaga aktorearekin batera; Itu Bandakoak ere Zarauzko plaza honetan izango dira, eta Ruper Ordorikak kontzertu berezi eta intimoa eskainiko du.
Xabier Paya Nork? nobela grafikoan oinarrituriko ikuskizunaren estrainaldiarekin izango da Zarautzen, eta Modelo aretoan izango dira, era berean, Axiari eta Irazoki, Oier Guillan eta Metrokoadroka. Poesia azpititulatzeko tailerrak segida izango du aurten ere.
"Iazko arrakastari eustea da Literaturia osatzen duen lan-talde sendotuaren asmorik garrantzitsuena eta Zarautz udaberriko euskarazko liburuen eskaparate bihurtzea", adierazi dute antolatzaileek. Hala, ekitaldi horiez gain, udaberrian argitaratzekoak diren liburuen aurkezpenak egingo dira Garoa liburu dendan, eta liburu azoka izango da Musika plazan.