Gaur hasiko da 35. Getxoko Nazioarteko Jazzaldia, Larry Carlton musikari ezaguna buru duela. Harekin batera, Miroslav Hloucal Quintet eta KB Connection taldeak ariko dira, biak ere nazioartean beren ibilbidea egiten hasiak.
Carlon jazz eszenako gitarra jotzaile handienetariko bat da, eta, estudioko esperientzia zabala izateaz gain, lau Grammy sari ere irabazi ditu. Gainera, orotara 335 grabaketatan parte hartu du, eta Urrezko eta Platinozko ehun disko baino gehiago eskuratu ditu. Bere ibilbide zabalean, artista eta talde entzutetsu askorekin topo egin du, izan estudioan, izan zuzenekoetan. Aipagarrienak, hauek: Steely Dan, joni Mitchell, Michael Jackson, Sammy Davis Jr., Herb Alpert, Quincy Jones, Dolly Parton eta Linda Rondstadt. Horiek, jazzeko izen handi gehiagoren artean.
The Crusaders eta Fordplay taldeetako kide izan zen, eta zinemarako zein telebistarako musika konposatzen ere aritu izan da. Ibilbidearen zama nabarituko ez balu bezala ari da oraindik, ordea, beti bezain aktibo, bere proiektuan nahiz beste artista batzuekin elkarlanean —Steve Luhatherrekin, Robben Fordekin eta Steely Danekin, esaterako —. Gaur, Biotz Alai plazan joko du, 22:00etan.
Toki berean joko du Miroslav Hloucal Quintet talde txekiarrak, Carltonen aurretik, 21:00etan. 2001ean sortutako taldea da, nahiz eta taldekideek lehendik elkar ezagutzen zuten, Pragako Jaroslav Jezek kontserbatorioko jazz departamentuko vos jazzeko ikasleak baitira. Miroslav Hlouvcal dute buru, 2007tik herrialdeko jazz eszenako kide garrantzitsuenetako bat. Izan ere, hamabost disko baino gehiagoren grabaketa prozesuan parte hartu du, eta Getxoko Jazzaldiko talde lehiaketa irabazi zuen 2009an, Points musika taldearekin.
Dena dela, gaur KB Connection taldea taularatuko da lehendabizi, 19:00etan, Algortako Geltokia plazan. Madrilen bizi dira, baina taldekideek jatorri askotarikoak dituzte. Jazz garaikidea egiten dute, eta konposizio originalez soilik osaturiko errepertorioa eskaintzen dute. Azpimarratzeko konturik badute: Injuve 2009 zirkuitua irabazi zuten, eta Lugoko (Galizia), Eivissako, Palmako (Herrialde Katalanak), Gandiako eta Madrilgo jazzaldietan parte hartu dute.
'Jam session'-ak gauetan
Biotz Alai plazako kontzertuak amaitzean, jam session-ak egingo dituzte Algortako The Piper's Irish Puben, 14. urtez segidan. Horrela, gauerdi aldera, publikoak jazzik onenarekin gozatzen jarraitu ahal izango du, giro lasaiean. Jon Urrutia Bandek ekingo die jam session-ei lau gauetan, eta, aldi bakoitzean, artista gehiago gehituko zaizkie, jaialdiko parte hartzaile batzuk tarteko.
Azkenik, antolatzaileek egitarauan sartu dute Iñaki Ojinaga artistaren lan grafikoen erakusketa ere. Armstrong, Coltrane, Monk, Davis, Charles eta jazzeko musikari handi gehiagoren irudiak landu ditu pinturen, grabatuen eta litografien bidez. Algortako Satistegi kafetegian izango da erakusketa.
Larry Carlton gitarristaren saioarekin hasiko da Getxoko Jazzaldia, gaur
Artista estatubatuar horrez gain, Miroslav Hloucal Quintet eta KB Connection taldeak ariko dira taula gainean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu