Bertsolaritza

Larunbatean abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, urteko lanaren fruitu gisara

Inoizko parte hartzaile kopururik handiena du aurtengo edizioak. Bost final-laurden eta hiru final-erdiren ostean, Elizondora iritsiko da finala, martxoaren 28an.

Xabier Silveira, egungo txapelduna, 2013ko finalean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2015eko otsailaren 3a
13:36
Entzun

"Urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu" gisa, larunbatean abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Iruñeko Katakrak kulturgunean. Osotara, 33 bertsolarik eman dute izena aurtengo edizioan, inoizko kopururik handiena. Aurten lehen aldiz izena eman duten sei bertsolariekin kanporaketa egin zuten pasa den abenduan, eta horietatik hiruk kantatuko dute larunbatetik aurrera egingo diren kanporaketetan. Azkenean, hortaz, 30 izango dira partaideak. Horien artean ez da izango Xabier Silveira egungo txapelduna.

Iruñean jokatuko da bost final-laurdenetan lehena. Irurtzunen, Zubirin, Lizarran eta Lakuntzan izanen dira gainerakoak. Final-laurdenak, ondoren, Berriozarren, Lesakan eta Burlatan jokatuko dira. Azkenik, zortzi bertsolari lehiatuko dira martxoaren 28an Elizondoko pilotalekuan egingo den finalean.Txapelketaren aurkezpenean, Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, azkeneko bi edizioetan bezala finala Iruñean egin ahal izateko ezintasuna nabarmendu du, "babes ekonomiko eta instituzional falta dela eta".

42.edizioa izango da aurtengoa. Horrek, Arburuak dioenez, txapelketa "errotutako eta ibilbide luzeko" ekimena dela erakusten du. Era berean, gaur egun "Nafarroan erreferente kulturala" dela azpimarratu du. Alde horretatik, "trasmisioaren indarra" nabarmendu du Arburuak, eta haur eta gazteen bertso eskoletan zein irakaskuntza formalean Bertsozale Elkarteak egiten duen lana goraipatu du. Lan horren fruitutzat hartu du gaur egun herrialdean kantuan ari diren bertsolarien papera, txapelketaren "ardatz" direna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.